Monterok erretiratu egin du Europako funtsetan erabateko boterea aitortzen zion araudia, erkidegoengatik

Proposatutako araudia zirriborro bat zela dio orain Ogasun ministerioak, eta beste bat aurkeztuko duela. PPren agintepeko erkidegoez gain, proposamenarekin oso haserre agertu ziren Eusko Jaurlaritza, Kataluniako Gobernua, eta baita PSOEk gobernatutako zenbait erkidego ere.

Pedro Azpiazu, atzoko bideokonferentzian. IREKIA
Irune Lasa.
2021eko urtarrilaren 22a
10:47
Entzun

Aurreikus zitekeen bezala, hasieratik piztu da iskanbila Europako funtsak banatzeko erabakigunean. Espainiako Gobernuak ia erabateko boterea nahi du proiektuak hautatzerakoan, eta erkidego asko ez daude konforme; tartean, Eusko Jaurlaritza bera.

Espainiako Gobernuak apirilaren bukaerarako aurkeztu behar du Europako funtsen banaketa ezarriko duen Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Plana, eta bertan zehaztu beharko da zer egitasmok eta proiektuk hartuko dituzten Europatik iritsiko diren 140.000 milioi euroak. Gai arantzatsua, zalantzarik gabe.

Banaketa horretarako, plan hori osatzeko, Sektore Konferentzia batek egingo du gobernuaren eta erkidegoen arteko koordinazioa, eta haren berririk ia ez da egon orain arte. Baina, azkenean, atzo arratsaldean eratu zen, Maria Jesus Monteroren Ogasun ministerioak deitutako bideokonferentzia batean.

Monterok nahi zuen atzo bertan Konferentziaren funtzionamendurako erregelamendua onartzea, baina proposamenak haserrea piztu zuen hainbat erkidegoren ordezkarien artean; izan ere, araudi horrek erkidego guztienak adina boto (19) ematen zizkion Espainiako Gobernuari (19), eta kalitatezko botoa ere aitortzen zion. Alegia, erabateko boterea erabakitzeko.

Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak azaldu zuen uko egin ziola proposamena onartzeari, «ez zuelako jasotzen benetako kogobernantza eredurik». Montero ministroari konferentziarako deialdia berandu egin zela ere esan zion Azpiazuk, eta gaitzetsi zuen Espainiako Gobernua apurka-apurka ematen ari dela informazioa Errekuperazio eta Erresilientzia Mekanismorako kudeaketaren ezaugarriez.

 

 

Euskal Autonomia Erkidegoa ez zen bakarra izan haserrea agertzen. Kataluniatik, Pere Aragonesek gogor kritikatu zuen Monteroren proposamena, eta PPren agintepeko erkidegoak ere kontra agertu ziren. Baina esanguratsuena PSOEk gobernatutako Valentzia eta Gaztela Mantxaren kontrakotasuna izan zen.

Kontrakotasun zabalaren aurrean, Monterok amore eman zuen, eta ondoren plazaratutako agirian esan zuen erregelamenduarena zirriborro bat zela soilik, beste bat prestatuko duela, erkidegoen azter dezaten, eta hura hurrengo bilkuran bozkatuko dela. Agiri horretan, gainera, argudiatu du Suspertze Mekanismoaren diseinuak plan nazio bat aurreikusten duela, non onuraduna oro har estatua den, eta helburu orokor batzuk bete behar diren, betebehar izanik administrazio publiko guztientzat. Monteroren aburuz, funts horiekin ez dago programa operatiboen aurretiazko banaketarik, EGEF Eskualdeak Garatzeko Europako Funtsarekin ez bezala.

Azken puntu horretan ez dago ados Eusko Jaurlaritza. Ekonomia sailburuak atzo bertan esan zuen Europako funts horiek kohesio funtsak ez diren arren «EGEFek finantzatzen dituen jarduketa mota berberak finantzatzera» bideratuta daudela, eta, beraz, Azpiazuren ustez, «oso zentzuzkoa litzateke haien gobernantza moduekin bat egitea, Euskadi Next programan aurreikusten den bezala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.