FUTBOLA

Espainiako Kopan: Betis-Reala, Almeria-Osasuna eta Alcoyano-Athletic

Txuri-urdinek datorren asteartean jokatuko dute; gorritxoek, asteazkenean; eta zuri-gorriek, ostegunean. 21:00etan izango dira partida guztiak

Mikel Oiartzabal, penaltiz gola sartzear, Betisek eta Realak ligan jokatutako azken partidan. 3-0 irabazi zuten txuri-urdinek. JUAN MUñOZ / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 22a
13:29
Entzun

Espainiako Kopan ari diren hiru euskal taldeek badakite zeinen aurka jokatuko duten final-zortzirenetan. Gaur egin da zozketa, eta zorteari dagokionez, denetarik izan da. Athleticek izan du zorterik onena, Espainiako Bigarren B Mailako bi taldeetako bat egokitu baitzaio: Alcoyano. Hala ere, talde zuri-gorria ezin da fidatu, Espainiako taldeak Kopako ezustekoa eman berri baitu, Real Madril Ligako txapelduna kanporatuta. 2-1 irabazi zion joan den asteazkenean.

Osasuna ere ez dago kexatzeko moduan, maila bat beherago dagoen talde bat izango baitu aurkari: Almeria. Baina gorritxoek badakite zer egiteko gai den Espainiako taldea. Alaves kanporatu berri du final-hamaseirenetan, astindu galanta emanda: 5-0 hartu zuen mendean joan den larunbatean.

Realak izan du zorterik txarrena, Espainiako Lehen Mailako talde bat egokitu baitzaio: Betis. Espainiako taldeak Sporting Gijon kanporatu berri du: 0-2 nagusitu zitzaion joan den igandean. Hain zuzen, Realak eta Betisen elkarren aurka jokatuko dute bihar, Anoetan, 18:30ean, Espainiako Ligako 20. jardunaldian. Kopan, Sevillan (Espainia) ariko dira. Txuri-urdinek oroitzapen ederra dute Betisen zelaian jokatu duten azken aldiaz: pasa den urrian izan zen, eta 0-3 irabazi zuten.

Kanporaketa gainditzen duten taldeek final-laurdenak jokatuko dituzte bi aste barru, eta irabazleak finalerdietan ariko dira, bi partidetara. Joanekoak hiru aste barru jokatuko lirateke, eta itzulikoak, martxo hasieran. Finala, berriz, apirilaren 17an da jokatzekoa, Sevillan (Espainia). Hala ere, hori guztia osasun egoeraren mende dago, baita aurreko denboraldiko finala ere. Espainiako Federazioaren egutegiaren arabera, apirilaren 4an jokatu beharko lukete Athleticek eta Realak finala, Sevillan, baina data hori ere zalantzan dago. Bi taldeek duela urtebete jokatu behar zuten, baina uko egin zioten ikuslerik gabe aritzeari. Ikusteko dago ea aurten jokatuz gero ikusleekin izango den.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.