Albistea entzun

Artea

Mendibururen 'Txalaparta' eskuratu du San Telmo museoak

Donostiako museoaren bildumara igaro da artistaren 1965eko obra ezaguna, eta erakusketa iraunkorrean izango da ikusgai aurrerantzean. Izaera artistikotik harago, euskal kulturaren ikur bat da eskultura.

Remigio Mendibururen 'Txalaparta' (1965) eskultura, haritzez egina, San Telmo museoaren Euskal Artea aretoan, Donostian.
Remigio Mendibururen 'Txalaparta' (1965) eskultura, haritzez egina, San Telmo museoaren Euskal Artea aretoan, Donostian. Gorka Rubio / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Itziar Ugarte Irizar -

2021eko urtarrilak 22

«Obra oso bat da»: hitz gutxi eta esangura zabaleko azalpena Susana Soto Donostiako San Telmo museoko zuzendariak, Remigio Mendibururen (Hondarribia, Gipuzkoa, 1931 - Bartzelona, 1990)  Txalaparta museoaren bildumara igaro dela iragartzeko aurkezpenean. «Obra oso bat, museoak euskal kulturaren gainean eraikitako diskurtsoa nabarmen aberasten duena», bere balio artistiko, etnografiko zein kulturalagatik, Sotoren esanetan; Gaur Taldearen 1966ko estreinako erakusketan izan zelako, Ez Dok Amairuren ikur bilakatu zelako, tradizioa berreskuratu eta esanahi berriz itzuli zuelako, eta beste. Familiari erosi dio eskultura Donostiako museoak —Hutsune eta Inotsi Mendiburu eskultorearen alabak ere izan dira prentsaurrekoan, baita Jon Insausti Donostiako Kultura zinegotzia ere—, eta Euskal Artearen aretoan jarri dute ikusgai, bere beste zenbait piezaren eta belaunaldikide izan zituen besteen ondoan, erakusketa iraunkorrean. Soto: «Egon zitekeen museoko beste hainbat tokitan ere; horrek erakusten du euskal kultura osoa zeharkatzen duen sinbolo bat bilakatu dela».

Mendibururen lanean aditu Juan Pablo Huercanos ere izan da agerraldian eta, beste ezeren aurretik, goraipatu egin du Txalaparta ondare publikora igaro izana: «Aberasten eta osatzen gaituen transferentzia bat da». Azaldu du, gainera, obra eskualdatzeak,bat egin duela haren datazio berriarekin. «Urte luzez, obra 1960ko urteen hasieran kokatu izan da, eta beti iruditu izan zaigu horrek ez zuela zentzu handirik, ez zuela bat egiten artista garai hartan egiten ari zen obren tipologiarekin. Zorionez, ikerketa sakonago batek ahalbidetu digu zuzen datatzea: 1965ean». Urte hartako udan, artistak erakusketa bat ireki zuen Donostian, eta han iragarri zuen bost metro luzeko eta Txalaparta izeneko obra batekin ari zela lanean; Frogatu dute, gainera, urte amaieran Madrilgo Nebli galerian ireki zuen erakusketako argazkietan pieza agertzen dela. Pieza soilik ez, Oiartzungo (Gipuzkoa) Zuaznabar anaiak instrumentua jotzera ere eraman zituen. Huercanos: «Lekuonatarrekin batera, garai hartan txalapartaren tradizioari eutsi zioten gutxietakoak ziren».

Egun txalaparta bera eta haren gaineko ezagutza hedatu bada ere, arte adituak oroitarazi du Mendiburuk obra osatu zuenean ezer gutxi ezagutzen zela bai tresnaz eta bai haren jatorriaz, eta garrantzia eman dio obra testuinguan jartzean. Ikerketak eta interpretazioak apurka ugarituz joan zirela kontatu du, eta, horien artetik, Juan Antonio Urbeltzena berreskuratu: nola hark zalaparta-rekin lotu zuen txalaparta, zeinak zaldien lauhazkaren hotsari egiten zion erreferentzia. «Zaldiek, sinbolikoki, hildakoak [bizitzaz] harago eramateko ardura zutenez, jatorriz, hileta-danbortzat definitu zuen txalaparta Urbeltzek».

1965ean lehenengoz Madrilen ikusgai jarri eta urtebetera, Donostiako Barandiaran galerian irekitako erakusketa «antologikoan» izan zen Txalaparta. Gaur Taldea aurkeztu zuten han, eta, Mendibururekin batera, han izan ziren Jorge Oteiza, Nestor Basterretxea, Eduardo Txillida, Rafael Ruiz Balerdi, Amable Arias, Jose Antonio Sistiaga eta Jose Luis Zumeta. Aldarrikatu zuten artistak parte hartu behar zuela gizartearen eraikuntza kolektiboan, eta euren agerpenak sakon astindu zituen euskal artearen eta kulturaren zimenduak. «Garai hartako berreskuratze prozesuak bi asmo zituen: batetik, arreta jartzea oharkabean igarotzen ziren herri kulturako elementuei, eta, bestetik, frankismoak eten zuen herentzia kulturalarekin berradiskidetzea eta elkarguneak topatzea». Huercanosek uste du Txalaparta-k «oso modu eraginkorrean» gorpuztu zuela hori.

Eta garai hartaz aritzean deigarria zaion beste puntu bat ere gehitu du: «Adierazgarria da mundu popularraren berreskuratzea, finean birduintze kulturalerako prozesu bat izan zena, hein handi batean, garaiko artista plastikoen bitartez gertatu izana. Goi eta behe kulturen arteko bereizketa ezabatu zuten, eta harreman ez hierarkikoak ezarri zituzten euren lanen eta herri kulturako elementu propioen artean».

Veneziako Bienalera ere heldu zen eskultura 1966an, eta, Nestor Basterretxearen ekinbidez, Ez Dok Amairuren logo eta ikur bilakatu zen, obraren itzala iraunaraziz eta Gaur-ek nahi zuena lortuz: artea interakzio sozial handiagoko eremuetara hedatzea.

«Itzulera sinboliko bat»
Huercanosek adierazi du Mendiburuk berak ere forma kulturalak kolektiboarenak direlako uste irmoa zuela. «Forma oro imajinario kolektibotik eratorria dela zioen; artistaren egitekoa iruditeria kolektibo horren zorra onartu eta transmisio kate horretan parte hartzea zela, zeinu berriak sortuz». Horregatik, hain justu, San Telmo museoaren izaera etnografikoari keinu eginez, «itzulera sinboliko bat» dela erantsi du adituak: «Sortu zen lekura itzuli da, gure iruditeria konpartitura, hain justu, museo honek ordezkatzen duen horretara».

Txalaparta artistaren ibilbide artistikoaren lehen hereneko piezarik esanguratsuena dela kontsideratzen da egun, zurezko habeekin egin zuen lehenengoetarikoa. Ordurako, «paisaia batean zeharkatua izateko gorputz baten logikan» lantzen zuen eskultura Mendiburuk, eta ez «begiratua izateko objektu huts gisa», Huercanosen hitzetan. Eta Txalaparta-n, instrumentuaren kolpe-segida jaso zuen zurez, kadentzia. «Ez dugu entzuten, baina esperimentatzen dugu. Agerian uzten du arteak ikusmenaz haragokoa ekartzekoa duen ahala».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Dea Kulumbegashvili zinemagile georgiarrak zuzendutako filmak irabazi zituen sari nagusiak iazko edizioan. ©ANDONI CANELLADA/FOKU

Donostiako Zinemaldiak sexu identifikazioaren bigarren txostena argitaratu du

Olatz Enzunza Mallona

Zuzendaritza, ekoizpen, gidoigintza, argazkigintza, musika eta muntaketa kategorietan lan egiten duten emakumezkoen parte hartzea aztertu du Donostiako Zinemaldiak. Iazko txostenarekin alderatuz, emakume profesional gehiago zenbatu dituzte, baina portzentajea ez da %40tik gorakoa film batean ere.

Askotariko lanak bildu dituzte erakusketan. Irudian, Marianna Christofides artistaren <em>It Exhausts my Elbow</em> proiektuko (2018) zenbait diapositiba. ©GORKA RUBIO / FOKU

Belaunaldi baten uzta

Ainhoa Sarasola

Bost urteotan Donostiako Tabakaleran egonaldia egin duten zenbait artistaren obrak ikusgai jarri dituzte zentroan, aurreneko aldiz, 'Estudiotik at' erakusketan

Don Inorrez taldeko abeslari eta gitarra jotzaile Imanol Ubeda, kontzertu batean. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Don Inorrez musika taldeak 'Esku hutsik' bigarren lan luzea plazaratu du

Olatz Enzunza Mallona

Don Inorrez musika taldeak 'Esku hutsik' bigarren lan luzea plazaratu du. Hamar kantuz osatuta dago, eta aurreko lanaren jarraipen gisa deskribatu dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.