Indarkeria matxista

«Emakume bat bahitu, bortxatu eta hiltzea indarkeria matxista da»

Aintzane Pujanaren heriotza salatzeko hiru elkarretaratze egin dituzte Donostian. Emakumeen Mundu Martxak «eraso sexisten aurkako antidoto bakarra» feminismoa dela aldarrikatu du, eta Emakumeen Mugimendu Demokratikoak, berriz, Pujanaren hilketak «gizartearen erantzun irmoa» izan behar duela.

Emakumeen Mundu Martxaren elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Donostiako Boulevardean. GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2021eko urtarrilaren 22a
20:29
Entzun

«Emakume bat bahitu, bortxatu eta hiltzea indarkeria matxista da». Esther Piñeiro Emakumeen Mugimendu Demokratikoko bozeramailearen hitzak dira, gaur arratsaldean, Donostian, Aintzane Pujanaren heriotza salatzeko egin duten elkarretaratzean esandakoak. Ez da protestarako deialdi bakarra izan: Donostian bertan, orduerdi lehenago, Emakumeen Mundu Martxaren deialdian ehun lagun inguru bildu dira, Aski da! Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. Gasteizen eta Iruñean ere bildu dira Euskal Herriko Emakumeen Martxako kideak. Bilbon, berriz, bihar goizerako egin dute deialdia.

Azpeitiko 1. Instrukzio Auzitegiko epaileak bi akusatuei beste bi delitu egotzi zizkien joan den asteazkenean: hiltzeaz gain, Pujana legez kanpo atxikitzea eta sexualki esplotatzea. Bi egunera egin dituzte protestak mugimendu feministek. 

Emakumeen Mundu Martxak salatu duenez, eraso sexistek «zuzenean» eragiten diete gizartearen erdiari, eta aldarrikatu dute feminismoa dela «gaitz horrentzako antidoto bakarra». Hortaz gain, indarkeria matxista «lehen mailako arazo politikotzat» hartzeko eskatu dute, «jarrera konplizeak» baztertzeko, eta «benetako neurriak» hartzeko gizartearen antolakuntza sexistari aurre egiteko.

Emakumeen Mugimendu Demokratikoak, berriz, Pujanaren heriotzak «gizartearen erantzun irmoa» izan behar duela aldarrikatu du. Aintzane Pujana bahitua, bortxatua eta erahila, matxismoak hil egiten gaitu izan da protestaren leloa. 

Emakumeen Mugimendu Demokratikoaren elkarretaratzea, gaur arratsaldean, Donostiako Boulevardean.Gorka Rubio / Foku

 

Goizean, berriz, Donostiako Udaleko talde politiko guztiak bildu dira heriotza salatzeko, udaletxearen kanpokaldean. Bost minutuko elkarretaratze isila egin dute, eta txalo artean amaitu dute protesta. Eneko Goia alkatea ez da han izan Labiren bileran zegoelako, baina bai Eider Mendoza Gipuzkoako Foru Aldundiaren bozeramailea eta Miren Elgarresta Aldundiko Berdintasun zuzendaria.

Udaleko talde politiko guztiek sinatu dute heriotza salatzeko idatzi bat, non adierazi duten Pujanaren heriotza «indarkeria matxistaren bertsio gaitzesgarriena eta onartezinena» dela. Biktimaren sendiari babesa erakutsi diote, eta «berdintasunaren aldeko balioak» lantzen jarraitzeko hitza eman ere bai.

Donostiako Udaleko talde politiko guztiek goizean egindako elkarretaratzea, udaletxe parean.Gorka Rubio / Foku

 

Atxilotuak

Bi atxilotuak bikote dira: 24 urteko gizonezko bat, eta 23ko emakumezko bat; Errenteriakoak dira (Gipuzkoa). Ertzaintzaren arabera, Pujanarekin bizi ziren Aizarnazabalgo (Gipuzkoa) landetxeko apartamentu batean. Ikerketak azaleratu duenez, labankadaz hil zuten Pujana, urtarrilaren 2ko goizaldean izandako liskar gogor batean. 

Kasua aztertzen ari den ikerlari taldeak uste du frogak ezabatzeko Gipuzkoan zehar ibili zirela gorpua Urola ibaiaren alboan utzi ostean. Etxea ere goitik behera garbitu zuten, delituaren zantzuak ezabatu nahian. Hilaren 12an atxilotu zituzten bi akusatuak, eta joan den ostiralean espetxeratu. Martuteneko kartzelan daude.

Pujanaren gorpua urtarrilaren 4an agertu zen, Aizarnazabalgo Etxabe auzoan, ibaiaren ertzean. Biktimaren bikotekideak urtarrilaren 1ean jarri zuen haren desagerpenari buruzko salaketa, eta Ertzaintza biktimaren azken egunak eta orduak ikertzen aritu da orduz geroztik. Biktimak 32 urte zituen, eta Donostiakoa zen.

Indarkeria matxistaren eraginez aurten hildako lehen emakumezkoa da Pujana.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.