ALAVES 1-4 REAL MADRIL

Mendeurrena zapuztu dio

Alavesek ez du aukerarik izan Real Madrilen aurka. Espainiako taldeak erabakita utzi du neurketa lehen zatian, hiru goleko aldea lortuta. 

Joselu,, Courtois gainditu nahian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 23a
23:03
Entzun

Alavesek ezin izan du ospatu klubaren mendeurrena garaipena lortuta. Erronka zaila zuen, Real Madril baitzuen bisitari Mendizorrotzan, baina Espainiako taldea gaizki ari da denboraldi honetan, eta inoiz min egin ahal baldin bazaio, orain da. Lehen itzulian, adibidez, Alavesek garaipen handia lortu zuen haren zelaian: 1-2. Baina gaur, ezustekoa emateko aukerarik txikiena ere ez du izan Gasteizko taldeak.

Hasi eta berehala eman dio kolpea Real Madrilek, Casemirok gola sartu baitu ordu laurdena bete aurretik. Lehen kolpea izan da, baina ez azkena. Atsedenaldia amaitu aurretik beste bi gol sartu dituzte espainiarrek: Benzemak egin du bigarrena, 41. minutuan, eta Hazardek hirugarrena, 45. minutuan. Soberan zegoen bigarren zatia. Erabakita zegoen norgehiagoka.

Alaves saiatu da aldea murrizten, eta lortu du. Joseluk 3-1ekoa sartu du 59. minutuan, baina Benzemak kolpe batez eten du etxekoen susperraldi txikia. Laugarren gola sartu du 70. minutuan, eta Abelardok entrenatutako taldeari azkena eman dio. 

Gasteizko taldeak bolada txarrean murgilduta jarraitzen du. Ligan jokatu dituen azken bederatzi partidetatik bakarra irabazi du, bi berdindu eta sei galdu. Hots, jokoan egon diren azken 27 puntuetatik bost besterik ez ditu eskuratu. Horrek, noski, izan du ondoriorik, puntu bakarrera baitu jaitsiera. Elx dauka puntu bakarrera, baina talde horrek hiru partida gutxiago jokatu ditu.

Lan handia du Abelardok. Entrenatzaile espainiarrak ez du ondo hasi haren bigarren aldia. Hiru neurketatan zuzendu du taldea, eta hirurak galdu ditu. Defentsako lanari garrantzi handia ematen dio Abelardok, baina hiru partidatan 11 gol jaso ditu taldeak. Lehenbailehen suspertu behar du, azken postuetara kateatuta geratu nahi ez badu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.