Endesa Liga

Porrot egin dute bai Gipuzkoa Basketek eta bai Baskoniak

Donostiarrek 68-110 galdu dute Bartzelonaren aurka, eta gasteiztarrek 83-61 Valentziaren kontra.

Gipuzkoa Basketeko eta Bartzelonako jokalariak, atzo Illumben (Donostia) jokatutako neurketan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2021eko urtarrilaren 25a
10:25
Entzun

Garaipenetik urrun ibili ziren atzo Endesa Ligan jokatu zuten bi euskal taldeak. Acunsa GBCk Bartzelona ahalguztiduna jaso zuen Donostian, eta kantxan argi geratu zen bi taldeen artean tarte handia dagoela (68-110). TD Systems Baskoniak, berriz, Valentzia bisitatu zuen, eta, aldea Donostian bezain zabala izan ez zen arren, Valentzia aise gailendu zen (83-61).

Gipuzkoa Basketi maldan gora jarri zitzaion partida bigarren laurdenerako: atsedenaldirako 60 puntu baino gehiago sartu zituen Bartzelonak (36-62). Asko asmatu zuten Bartzelonako jokalariek, eta lehen laurdenean bederatzitik zazpi hiruko sartu zituzten. Nido Radoncic izan zen gipuzkoarren saskiratzaile nagusia, 11 punturekin.

Baskonia, berriz, bolada onean heldu zen Valentziara, baina errotik moztu zuen. Izan ere, markagailuko emaitzak ez ezik, taldearen sentipenak ere ez ziren onenak izan. Denboraldi osoko puntu gutxien lortu zituen Baskoniak atzo, eta Valentziak nahikoa izan zuen hirugarren laurden on bat egitearekin garaipena eskuratzeko. Ondo hasi zuten neurketa gasteiztarrek, baina, partidak aurrera egin ahala, behera egin zuten. Zoran Dragic izan zen Baskoniako jokalaririk onena, 12 puntu eskuratuta. 

Hala, GBCk ACB Ligako azken postuan dago oraindik ere, Bilbao Basketekin berdinduta (lau garaipen dituzte biek), eta laugarren da Baskonia. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.