Portugal

Rebelo de Sousak irabazi ditu presidentetzarako hauteskundeak

Abstentzioa inoizko handiena izan da, %60. Gehien bozkatuetan hirugarrena izan da eskuin muturreko hautagai Andre Ventura.

Marcelo Rebelo de Sousa, Portugalgo presidentea, emaitzen berri izan osteko agerraldian,. MARIO CRUZ, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 25a
11:01
Entzun

Koronabirusak markatutako hauteskundeak izan dira asteburuan Portugalen egin dituztenak. Parte hartzea inoizko txikiena izan da, %40 inguru. Baina bozkatzera joan direnek hautu argia egin dute, eta Marcelo Rebelo de Sousak, orain arteko presidenteak, beste bost urterako legealdia eskuratu du, bigarren itzulia egin beharrik izan gabe. Botoen %61,2 lortu ditu buruzagi kontserbadoreak.

Pandemiaren kudeaketa saritu dute herritarrek, neurri handi batean; izan ere, lehen olatuan, Portugal izan zen kasu gutxien izan zituen Europako herrialdeetako bat, nahiz eta azken asteetan COVID-19ak hildakoak egunean 200 izatera heldu. Eta horixe hitzeman die Rebelo de Sousak ere emaitzen berri izan osteko agerraldian: egonkortasuna eta segurtasuna. «Jaso duguna ez da txeke zuri bat. Portugaldarrek argi utzi dute ez dutela pandemia nahi, ezta krisi amaigabe bat ere, ez sistema politiko motel bat eta ez muturreko jarrerarik. Gehiago eta hobeto bizi nahi dute. Egonkortasuna eta gertutasuna nahi dute», esan du presidente hautatuak.

Bigarren tokian geratu da Ana Gomes hautagai sozialista, botoen %12,97 eskuratuta. Bozak egin aurreko astean inkestek iragartzen bazuten ere sozialistek bigarren itzulira joateko adina babes eskuratuko zutela, azkenean ez da halakorik izan. Kontu hori dela eta, atsekabetuta agertu da Gomes, baina nabarmendu du lortu dutela eskuin muturrari aurrea hartzea, eta presidentearen alternatiba izan zedin galaraztea.

Gomesengandik oso gertu geratu da eskuin muturreko Chega! alderdiko hautagai Andre Ventura botoen %11,90 lortuta. Hala, garaipentzat jo du Venturak lortutako emaitza, eta nabarmendu herritarrek «eskuina babestu» eta «ezker muturra zapaldu» dutela. Botoen %4,3 eskuratu ditu Alderdi Komunistako Joao Ferreirak; %3,94, Ezkerreko Blokeko Marisa Matiasek; eta %3,22, Iniziatiba Liberaleko Tiago Mayan Goncalvesek. Hiru horien emaitzak batuta baino babes handiagoa jaso izanaz harro agertu da Ventura.

Edonola ere, eskuin muturreko politikariak helburutzat jarri zuen botoen %15 eskuratzea, eta, halakorik lortu ez duela-eta, Chega! alderdiaren lidergoan jarraituko duen edo ez erabakitzea militanteen esku uzteko prest dagoela adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.