AEB-ak

Otsaileko bigarren astean has liteke Trumpen aurkako epaiketa

Ordezkarien Ganberako presidenteak gaur bidaliko du presidente ohiaren aurkako impeachment-a hasteko eskaria Senatura.

Nancy Pelosi buruzagi demokratak aurkeztuko du Trump epaitzeko eskaria Senatuan. JIM LO SCALZO, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 25a
11:45
Entzun

Epaiketa «azkarra, baina justua» izango dela iragarri du Senatuko demokraten buru Chuck Schumerrek. Atzerapenik izan ezean, otsailaren 8ko astean hasiko lukete Kongresuko goi ganberan Donald Trump presidente ohiaren aurkako epaiketa. Ordezkarien Ganberako presidente Nancy Pelosik gaur egingo du eskaria, eta bi asteko parentesiaren ostean ekingo diote impeachment-ari —tarte horretan administrazio berriak lehentasunezkotzat jotako auziak ebatziko ditu Senatuak, hala adostu baitute bi alderdi nagusiek—.

Hamabost eguneko tarte hori baliatuko dute bi aldeetako legegileek ere kasua prestatzeko. Urtarrilaren 6an AEBetako Gobernuaren aurkako «matxinada» bultzatzea  egozten diote buruzagi errepublikanoari —Kapitolioaren aurkako erasoan bost pertsona hil ziren, tartean polizia bat—. Halako prozedurak estatuburu bat kargugabetzeko aurreikusiak dauden arren, Trumpen kasuan dagoeneko presidente karguan ez dagoenez, inhabilitatu egin dezakete, eta horrek lau urte barruko presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea eragotziko lioke.

Pelosik dagoeneko izendatu ditu Trumpen aurkako akusazioa defendatuko duten kideak. Haien buru izango da Marylandeko ordezkari demokrata Jamie Raskin. Defentsa lanetan ariko den taldeko burua, berriz, Karl Bowers izango da, Hego Karolinako abokatu bat.

Demokratek Senatuko bi herenen babesa behar dute Trump erruduntzat jo ahal izateko, eta, gaur egun goi ganberan gehiengoa duten arren, eurak bakarrik ez dira iristen kopuru horretara. 2019ko epaiketan ez bezala, oraingoan, Alderdi Errepublikanoak askatasuna eman die bere senatariei buruzagi ohiaren alde edo aurka bozkatzeko garaian, eta haietako zenbaitek dagoeneko esan dute ez dutela argi zer bozkatuko duten, tartean da Mitch McConnell bera, zeina Senatuko errepublikanoen burua den.

The Washington Postek joan den ostiralean argitaratutako inkesta baten arabera, hamalau senatari errepublikano leudeke Trumpen aurka bozkatzeko prest, baldin eta aurkeztutako frogak pisuzkoak balira, eta beste 28k iragarri dute buruzagi ohiaren alde bozkatuko dutela. Trump erruduntzat jotzeko 17 senatari errepublikanoren babesa behar dute demokratek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.