Diru bilketa

Nafarroak %8 gutxiago bildu zuen iaz zergen bitartez

2019an baino 314 milioi euro gutxiago dira, eta, hala ere, pandemiaren hasieran espero baino datu hobeak

Elma Saiz Nafarroako gobernuko ekonomia kontseilaria, agerraldi batean. VILLAR LOPEZ / EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko urtarrilaren 25a
13:00
Entzun

«Jaitsiera handia da, logikoa, pandemiak eragindako krisi ekonomiko gogorraren testuinguruan. Baina maiatzean espero zitekeen baino txikiagoa izan da, maiatzean %20ko balizko jaitsiera baten iragarpenak baikenituen», Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia kontseilariak balantze gazi-gozoa egin du 2020ko zerga bilketa azaltzean. Izan ere, zerga bildutako dirua jaitsi da, baina ez espero adina. 2019an 3.941 milioi euro bildu zituen; iaz, aldiz, 3.627 milioi, %8 gutxiago.

Jaitsieraren azalpena zeharkako zergetan egon dela azaldu du kontseilariak. «Aurreikuspen guztiak berregin behar izan ditugu. Lanaren atxikipenetan igoera txiki bat egon da; aldiz, jaitsiera orokortua izan da kontsumoaren bilakaerarekin harremana duten zergetan [BEZa eta zerga bereziak]». Azalpena datuetara eramanda, zerga zuzenetan %1,2ko jaitsiera egon da bakarrik; zeharkakoetan, aldiz, %14,6koa. Ogasunaren datuen arabera, COVID-19aren eragina txikia izan da Nafarroako Ogasunak bere kasa biltzen dituen zergetan (-%1,5); aldiz, Espainiaren bitartez bildutakoetan %24koa izan da.

Zerga garrantzitsuenei erreparatuta, PFEZaren bitartez bildutakoa oso gutxi jaitsi zen iaz: %0,4 baino ez 2019ko datuekin alderatuta. BEZak, berriz, gehiago nabaritu du krisia: -%3,5. 2019ko 1.464 milioietatik iazko 1.413 milioietara igaro zen. Dena den, esportazioen jaitsierak %10 murriztu ditu itzulerak. Beraz, kudeaketa zuzenez jasotako BEZak %25,4ko igoera izan du 2019arekiko. Azkenik, zerga bereziei dagokienez —hidrokarburoak, alkoholak...—, %16,5eko jaitsiera izan zuten.

Diru bilketaren datuekin batera, Saizek aurrekontuen itxierakoak aurreratu ditu, eta, datu gehiagoren zain, %1,05 eta %1,15 arteko defizita iragarri du. «Zerga bilketarekin gertatu bezala, datua espero baino hobea da, baina txarra era berean, azken urteetako joera positiboa eten baita».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.