INGURUMENA

Eusko Jaurlaritzak ez du aurreikusten zabortegi gehiago eraikitzea

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako plantetara eramandako hondakinak 2030erako %85 murriztea du helburu Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroak

Arantxa Tapia eskuinean, urrian Zaldibarko zabortegira egindako bisita batean. MARISOL RAMIREZ
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 25a
13:09
Entzun

Arantxa Tapiak eman du datua: Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan hondakin ez-arriskutsuak biltzeko aktibo dauden hamar hondakindegiek 4.000.000 m3 jasotzeko ahalmena zuten iazko martxoan. Baina Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren arabera, 2030era bitartean EAEko «industria ehunaren beharrei» eta sortu litezkeen «ustekabeei» aurre egiteko, 7.500.000 m3 jasotzeko ahalmena beharko dute. Horretarako, baina, Jaurlaritzak ez du aurreikusten zabortegi gehiago eraikitzea.

Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroa aurkeztu du Tapiak, eta nabarmendu du helburu dutela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zabortegietara eramandako hondakinak 2030erako %85 murriztea, egungo datuekin alderatuta. Planak «erronka» ditu EB Europako Batasunaren arautegira egokitzea, hondakinen isurketaren «arazoa» konpontzea, eta hondakin ez-arriskutsuen %85 berrerabiltzea eta, horrenbestez, «bigarren mailako baliabide» bilakatzea, besteak beste.

Zabortegi gehiago irekitzeari muzin eginda —Tapiak zehaztu du, gainera, Mutiloako (Gipuzkoa) eta Larrabetzuko (Bizkaia) hondakindegiak itxi dituztela, eta Zaldibarren (Bizkaia) «gertakari bat» izan zela—, «gehienez ere» hondakindegien bolumena areagotu asmo du, Jaurlaritzak. Tapiak adierazi duenez, hiru modu aurreikusten dituzte horretarako. Batetik, zabortegi publikoren bat «handitzea edo hobetzea». Bestetik, «zabor geldoentzako» zabortegiak «transformatzea», horiek hondakin ez-arriskutsuentzako zabortegi bilakatuz. Kazetariek galdetu diote ea jada bat ote dakiten hori zein zabortegitan egin ahal izango duten, eta Epele (Bergara, Gipuzkoa) —itxita dago uneotan— eta Gardelegi (Gasteiz) aipatu ditu Tapiak. Eta bolumena handitzeko hirugarren modua litzateke «handitzeko gaitasuna» duen zabortegi pribatuetakoren bat handitzea, «horretarako beharra egongo balitz».

Biltegiak izango dira

«Ez daitezela izan ezagutzen ditugunen modukoak; horretan saiatuko gara», azpimarratu du Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, zabortegien etorkizuneko kudeaketaz galdetuta. «Ez dut esango [egun] isurketa modu deskontrolatuan egiten denik, ez baita hala. Baina ez da bereizten zer kokatzen den zein tokitan, dena ez-arriskutsua den neurrian. Ahaleginduko gara dena ezin hobeto sailkatzen». Uste du Tapiak zabortegiak baino gehiago «biltegiak» izango direla hondakinak jasoko dituztenak, eta horien jardueraren ikuskaritza «zorrotza» ziurtatu zuen.

Planaren zirriborroko asmoak gauzatu ahal izateko, hamarkada honetan 97 milioi euro inbertitzekoa da Jaurlaritza. «Lehen urteetan egingo da inbertsio nagusia. Beharren arabera egokituko da hori», esan du Tapiak.

Jasotakoa aurrera eramateko, hamar «ekintza» zerrendatu ditu Jaurlaritzak. Esaterako, «isurpen eta errausketa kanon bat» aktibatzea; lege garapenak egitea; ikuskaritzarako baliabideak areagotzea; edo, besteak beste, plastiko hondakinentzako «behin betiko irtenbideak bultzatzea».

Zenbakiei dagokienean, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoa 6,1 milioi tona hondakin sortu ziren 2018an —hori da Jaurlaritzak « eskuragarri» duen azken datua—; 2010ko zenbakian alderatuta, hortaz, %4 jaitsi zen. Duela bi urteko hondakin horien %55 hondakin ez-arriskutsuak ziren, %20 eraikuntzako eta eraispenetako hondakinak, %20 udal hondakinak, eta % 5 hondakin arriskutsuak. Hondakin horiei «tratamentu bat» ematen diete, eta, ondoren, %1a ere ez da berrerabiltzeko, %57 birziklatu egiten da, %6 energetikoki balorizatu, eta%37 «nagusiki» hondakindegietan «ezabatzen da».

Telematikoa izan da Tapiaren agerraldia, bakartuta baitago COVID19a detektatzeko proban positibo eman zuelako joan den ostegunean. Planaren zirriborroren azalpenak gaztelaniaz eman ditu, «azkarrago» egitearren. «Errepikatzen badut, nahiko astuna izan daiteke». Euskarazko galderei euskaraz erantzun die.

Beltran bilatzen ari dira Zaldibarren

Laster, datorren otsailaren 6an, urtebete beteko da Zaldibarko zabortegia (Bizkaia) amildu zenetik, eta, orduz geroztik, desagertuta dago Joaquin Beltran behargina. Eusko Jaurlaritzaren Hondakinen Prebentziorako eta Kudeaketarako Planaren zirriborroaren aurkezpenean, gaur, galdetu diote Arantxa Tapiari ea zertan diren hura bilatzeko lanak. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak erantzun du joan den ostegunetik lur eremu jakin batean, «B4s» gisa identifikatutakoan, ari direla hura bilatzen Segurtasun Saileko kideak. «Eguraldia lagun, horko lanak bukatuta egongo dira hilaren amaierarako».

Topatzen ez baldin badute, B1-B eta B4-S eremuetara, oraindik arakatu gabe gelditzen diren bietara, joko dute bilaketa lanetan dabiltzan teknikariek. Eremu horietara sartu aurretik, beste eremuetan aurrera eramandako prozedura bera errepikatu beharko dute, «berriro», Tapiak azaldu duenez. «Kendu beharko dituzte, atzera, hondakinak, [zabortegian] egindako biltegietara eraman, eta eremuen egonkortasuna bermatu beharko dute Segurtasun Sailekoak sar daitezen».

Joan den urria hasieran esan bezala, Tapiak atzo adierazi zuen behin Beltran bilatzeko lanak amaituta, zabortegia «zigilatzea» duela asmo Jaurlaritzak. «Iruditzen zaigu ingurumenari egindako kalteak nahikoa izan direla momentu honetan zabortegia behin betiko ixtea planteatzeko». Urrian ohartarazi zuen mugitutako lurrak egonkortu eta instalazioa zigilatzeko «denbora asko» beharko dutela.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.