Lan gatazka

Zaintza sektorean grebara deituko dute sindikatuek, biharko

Zaintza sektoreko langileen lan baldintzak eskasak direla eta, ematen diren zerbitzuak ere halakoak direla salatu, eta sektorea publiko egitea aldarrikatu dute sindikatuek.

Azaroan zainzaren sektorean ELAk deitutako mobilizazioa, Bilbon. ARITZ LOIOLA/FOKU
jone arruabarrena
2021eko urtarrilaren 25a
16:07
Entzun

Greba eguna dute bihar zaintza sektorean: ELA, LAB, UGT, ESK, eta CCOO sindikatuek deitu dute Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, eta mobilizazioak antolatu dituzte biharko Bilbon, Donostian eta Gasteizen. ELAk, berriz, Nafarroara ere zabaldu du lanuztea, eta Iruñean izango da mobilizazioa.

Deialdiak nork bere aldetik egin dituzten arren, greba egiteko egunarekin bat egin dute sindikatuek. Egoeraren analisian ere bat datoz: «Erakunde publikoek zaintza eredu asistentzialista eta pribatuaren alde egin dute, eta funtsezko premia hori negozio bikain bihurtu dute enpresa handientzat, negozio hori diru publikoaren, emakume langileen baldintza eskasen eta zerbitzuen kalitate txarraren kontura», adierazi du LAB sindikatuak.

Azaldu duenez, horrek eragin zuzena dauka zaintza lanak jasotzen dituztenengan: «Etxez etxeko laguntzak ez diete behar besteko estaldurarik ematen beharra duten pertsonei». Zahar etxeetan ere, erabiltzaileei «ez zaie bermatzen» behar duten denbora eta arreta ere, LABen arabera. Esku hartze sozialeko eta elbarrientzako zerbitzuak ere arautu gabe daudela azaldu dute, eta arrazoi nagusia azaleratu: «Zerbitzuaren kalitate eskasak langileen baldintza eskasetan du oinarria».

Zaindua izateko eskubidea «bizitzaren sostenguaren parte» dela aldarrikatu du LABek, eta, horrenbestez, “izaera subjektiboko eta kolektiboko eskubidea» izan behar duela. Horretarako sistemak ezaugarri jakin batzuk bete behar dituela azpimarratu dute: «Sistema publikoa, doakoa, kalitatezkoa, unibertsala eta Administrazio Publikoak zuzenean kudeatutakoa».

ELAk ere adierazi du zaintzaren eremua «merkantilizatuta» dagoela, eta sektorearen «publifikazioa» aldarrikatu du. «Bere burua aurerratutzat daukan gizarte batek nolatan onar dezake biziarekin negozioa egitea?», adierazi du. Besteak beste, 10.000 profesional gehiago kontratatu eta lanaldia %100eraino luzatzeko eskaera ere egin dute, eta sektoreko genero arrakala gainditzeko taxuzko neurriak aldarrikatu dituzte. ESK ere bat etorri da ELAren aldarrikapen batzuekin: zaintza zerbitzu publikoa aldarrikatu eta 10.000 postu gehiago sortzeko eskatu dute. Nafarroan, gainera, zahar etxeen arteko hitzarmen bat aldarrikatu du ELAk, «lan baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeko».

Pandemiaren eraginak kontuan hartuta, langileentzako «osatze emozionalerako plan bat» ere eskatu du ELAk, eta gehitu du lehendik ere «agortuta» zegoen zaintza ereduak «bere mugak inoiz baino argiago» erakutsi dituela pandemian. Aitortu du orain dela «aliantzak ehuntzen» jarraitzeko garaia: «Aldarrikapenak plazaratzeko unea da, gizarteak une historiko honen kontzientzia hartu eta urrats bat egin dezan aurrera».

Mobilizazioak

Zaintza lanen aitorpenaren alde, mobilizazioak antolatuko dira bihar Bilbo, Gasteiz eta Donostian. Sindikatuen zutabeak 10:30ean irtengo dira. Bilbon, Plaza Eliptikoan elkartuko dira zutabe guztiak, 11:30ean. Ordu berean batuko dira Gasteizen, Artiumen aurrean, eta baita Donostiako Bulebarrean ere. Iruñean, berriz, Antoniutitik irtengo da ELAk deitutako manifestazioa, 11:30ean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.