Modernak esan du bere txertoa eraginkorra dela birusaren aldaera berrien aurka

Kezka sortu dute koronabirusaren aldaera berriek, kutsagarriagoak direlako, eta heriotza gehiago eragiteko ahalmena dutelako.

Moderna laborategiak merkaturaturiko txertoa. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 25a
18:51
Entzun

Kezka handia sortu dute azken asteotan COVID-19 gaitza eragiten duen koronabirusaren aldaerek. Albiste ona izan daitekeena eman du, haatik, Moderna laborategiak. Adierazi duenez, eurek jatorriko birusaren aurka garaturiko txertoak babesa ematen du Erresuma Batuan eta Hegoafrikan aurkituriko aldaeren aurrean.

Kalkulu batzuen arabera, aldaera horiek %70 errazago kutsatzen dira, eta %30 heriotza gehiago eragin dezaketela esan dute ikertzaileek azken egunotan.

Modernak eginiko lehen analisiek erakutsi dute dagoeneko garaturik dagoen txertoaren eraginez sortutako antigorputzek beste aldaera horiek ezagutu egiten dituztela, eta haien kontra borrokatzen dutela. Edonola ere, proba gehiago egin beharko dituzte emaitza baieztatzeko.

Pfizer etxearen txertoak ere babesa emango luke, lehen ikerketen arabera.

Modernaren txertoa jasotako zortzi pertsonaren eta bi tximuren odola aztertu dute, eta behar adina antigorputz sortzen dituela ikusi dute. Halere, esan dutenez, eraginkorragoa da Erresuma Batuko aldaeraren aurka, Hegoafrikako motakoaren kontra baino.

AZterketek erakutsi dute Modernaren txertoak %94,1eko eraginkortasuna duela koronabirusaren aurka. Konpainiak adierazi duenez, orain aztertu egingo dute hirugarren dosi batek zein eragin eduki dezakeen sortzen ari diren birusaren aldaeren aurka.

«Uste dugu garrantzitsua dela geroari begira aritzea, birusak eboluzionatu ahala», esan du Stephane Bancel enpresaren zuzendaritzako kideak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.