ATHLETIC 5-1 GETAFE

Aparretan dago oraindik ere

Talde zuri-gorriak astindua eman dio Getaferi San Mamesen. Bisitariek sartu dute lehen gola, 20. segundoan, baina etxekoek bost gol sartu dituzte gero: Raul Garciak bi egin ditu, eta Yerayk, Berenguerrek eta De Marcosek, bana.

Athleticeko jokalariak, gol bat ospatzen. ARIZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko urtarrilaren 25a
22:59
Entzun

Athleticek gozo-gozo segitzen du. Espainiako Superkopa irabazi eta Kopan aurrera egin ondoren, irabazi egin du gaur ligan, San Mamesen, Getaferen aurka. Irabazi ez ezik, astindua eman dio Espainiako taldeari: 5-1. Zuri-gorriek lehen garaipena dute ligan Marcelino Garcia Toral aulkian denetik. Horri esker, jauzia eman dute sailkapenean, eta bederatzigarren postuan daude orain. Sei puntura dituzte jada jaitsiera postuak. Getaferen aurka lortutako garaipen argiak, gainera, indarra emango die ostegunean Kopako final-zortzirenetan Alcoyanoren zelaian jokatu beharreko neurketari begira.

Partida ezin okerrago hasi da Athleticentzat, hasi eta berehala sartu baitu lehen gola Getafek: hogeigarren segundoan, hain zuzen ere. Yerayk baloia galdu du defentsan, Aleñari iritsi zaio gero, hark erdiratu egin du, eta Cucurellak buruz sartu du sareetara. Neurketa hasi besterik ez zen egin, eta jada maldan gora jarri zaio talde zuri-gorriari.

Baina azkar suspertu da. Bosgarren minutuan Williams bakarrik geratu da Yañezen aurrean, eta lurrera erori da. Epaileak penaltia adierazi du, baina atzera egin du gero, VARrak hala eskatuta. Getafeko atezainak baloia ukitu du lehenbizi, nahiz eta jarraian Athleticeko aurrelaria lurrera bota duen.

Lehen abisua izan da. Bost minutu eskas geroago, banakoa lortu du Athleticek. Muniainek erdiraketa bikaina egin du ezkerretik, eta Raul Garciak baloia lurrera erortzen utzi gabe errematatu du, eskuinez. Ederra izan da hasiera, eta are ederragoa amaiera. 12. minutua zen, eta neurketa berriro hasi da.

Bizi-bizi zihoan norgehiagoka, eta baloia are batetik bestera zihoan. Halako batean, Unai Nuñezek eta Cucurellak baloia jasotzeko lehiatu dira, Getafeko jokalariak bultza egin dio Athleticekoari, eta horren ondorioz, baloiak haren besoa ukitu du. Epaileak ez du zalantza egin, eta penaltia adierazi du. Matak bota du, baina Unai Simonek ederki asmatu dio asmoa, eta baloia urrundu du. 
Jokaldiak etxekoak hauspotu ditu, eta atsedenaldia iritsi aurretik arriskuz iritsi dira Getaferen areara, baina ez dute asmatu ate aurrean. Hala, banakoarekin amaitu da aurreneko zatia.

Bigarren zelaian, ordea, erauntsi baten moduan zelairatu da Athletic. Bikain ekin dio, 50. minutuan buelta eman baitio emaitzari, bigarren gola sartuta, geldikako jokaldi batean. Muniainek maisutasunez bota du falta ezkerretik, eta Yerayk bikain errematatu du buruz. Gol polita izan da, baina txiki geratu da hamar minutu geroago ikusi denarekin alderatuta. Balentziagak erdiraketa neurtua egin du ezkerretik, eta Raul Garciak penalti burutik errematatu du buruz, sareetara. Ikusgarria. Kito. Erabakita zegoen partida.
Baina egurrean jarraitu dute etxekoak, eta, hala, zelaira irten eta berehala laugarren gola sartu du Berenguerrek, 75. minutuan. De Marcos ere gehitu da gero festara, 82. minutuan bosgarren gola lortuta. 

 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.