Etxebizitza

Gutxienez bi lagun atxilotu dituzte Gasteizko etxe okupatu bat hustean

Eraikina hutsik egon da hamar urtez, eta uztailean 30 lagun sartu ziren bizitzera. Udaltzainak eraikinera joan dira, eta bizilagunak kanporatzen ari dira. Ertzaintzak bertaratutakoen aurka egin du.

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria.
2021eko urtarrilaren 26a
11:10
Entzun

Goizetik, tentsioa da nagusi Gasteizko Herrandarren kaleko 15. atarian. Uztailaz geroztik, hamabost pertsona inguru bizi dira eraikin horretan, hamar urtez hutsik egon den eraikin hori okupatuta. Jakina zen gaur kaleratuko zituztela, eta goizetik hainbat auzotar bildu dira han, kaleratzen ari diren bizilagunei babesa ematera.

Udaltzain eta ertzain asko ere bertaratu da. Ia ordubeteren ostean, udaltzainek barrura sartzea lortu dute, atean zulo bat eginda, eta Ertzaintzak bertaratu direnen aurka egin du. Azken informazioen arabera, gutxienez bi lagun atxilotu dituzte.

Blokeak hiru solairu ditu; lehenengoa husten ari dira orain, bertan daudenak identifikatzen eta etxetik aterarazten. Oihuak entzuten dira barrutik, eta, etxetik atera dituztenek adierazi dutenez, Polizia barnekoak «itotzen» ari da.

Zuloa egin aurretik, eraikinaren kanpoaldean zeudenak eraman egin dituzte handik, eta atea irekitzen saiatu da Polizia. Kaleko errepide nagusia ere itxi dute ertzainek eta udaltzainek.

Gasteizko Etxebizitza Sindikatuak salatu du «etxebizitza lortzeko beste aukerarik gabe» daudela hor bizi direnak, eta babesa ematera joan da. Sindikatuko kide Karlak BERRIAri adierazi dio gizarte zerbitzuekin harremanetan daudela, eta «etxegabetzea atzeratzeko» eta «egiazko konponbide bat» emateko eskatu dietela. Beharrezkotzat jo ditu bi eskaerak, hamabost pertsona «kale gorrian» gera ez daitezen: «Oraindik badago denbora».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.