Kontu publikoak

Zerga bilketaren jaitsiera apur bat apaldu da urte amaieran

Errenta kanpaina onaren eraginez izan da, batez ere. Kontsumoari lotutako zergetan izan da jaitsierarik handiena.

Gipuzkoako Ogasun bulego bat, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ/FOKU
aitor biain
2021eko urtarrilaren 26a
12:58
Entzun

Iazko urteak aurrera egin ahala, zerga bilketako datuak zertxobait txukuntzea lortu dute aldundiek. Konfinamenduaren ostean iragarritako kolpea leunduko zela adierazi zuten ogasunek urriko Finantzen Euskal Kontseiluan, eta hori bera berretsi dute urte amaierako kopuruek, hain zuzen ere.

Arabako Foru Aldundia izan da datuak ematen lehena: guztira, %10,5 jaitsi da bilketa. Hau da, iaz, 2.192,3 milioi jaso zituen, zergen bitartez, aurreko urtean baino 258 milioi gutxiago. Jaitsiera urrian kalkulatutakoa baino apalagoa da, edonola ere; orduan espero baino ia 80 milioi euro gehiago bildu baitira.

Zerga guztien bilketa jaitsi da, zuzenekoena nahiz zeharkakoena. Baina, batez ere, kontsumoari lotutako zergetan nabaritu da bilketaren jaitsiera, %15 gutxi baita BEZaren bilketa. Guztira, 575,1 milioi bildu dira, iaz baino 101,3 milioi gutxiago. Erregaiei ezartzen zaizkien zerga %13,3 apaldu da, ostera.

Sozietateen zergak ere behera egin du: %19,8 jaitsi da bildutakoa. Hau da, iaz baino 42,2 milioi gutxiago ordainduko dute enpresek irabaziengatik guztira. Zerga horrek, ordea, 2019 irabaziak zergapetzen ditu, eta ez 2020koak. Bada, datuak bilketa osoaren joerarekin bat etorri arren, ez dute erabateko loturarik. Batez ere, aldundiak enpresen finantzaketa errazteko hartutako neurriek eragina dute.

Jaitsaldia nabarmen apalagoa da, aldiz, errenta zergan (-%2,2), enplegua ez baita jarduera ekonomikoa bezainbat txikitu. Guztira, 859,5 milioi jaso dira, hau da, aurreko urtean baino ia 20 milioi gutxiago (19,1 milioi). 

Bizkaian antzeko, Gipuzkoan hobeto

Bizkaiko Foru Aldundiak ere antzeko datuekin itxi du 2020. urtea: 7.122,1 milioi euro bildu baitira zergen bitartez guztira, hau da, iaz baino 873 milioi gutxiago (-%10,9). BEZa izan da jaitsierarik handiena izan duena (-%14), eta baita sozietate zerga ere (-%22). Errenta zergak bilakaera hobea izan du, ordea: %3,2 apaldu da bilketa denera. 

Gipuzkoan, ostera, bilketak hobekuntza nabarmena izan du: %7,7 gutxitu baita zergen bitartez jasotakoa; hau da, aurreko urtean baino 389,2 milioi euro gutxiago jaso dira denera. Errenta kanpaina onak apaldu du beherakada hori, batez ere: positiboan amaitu baitu urtea. 1.915,4 milioi bildu dira denera, iaz baino %2,8 gehiago. 

BEZa %14,1 jaitsi da, ostera; 200 milioi gutxiago batu dira denera. Eta %15,3 sozietate zerga, hots, 248 milioi gutxiago bildu dira enpresen irabaziengatik. 
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.