India

Istiluak piztu dira nekazarien protestetan Indian

Indiako Errepublikaren Egunean manifestaziora deitu dute protestan diren nekazariek, eta poliziarekin talka egin dute New Delhiko erdigunean. Gutxienez lagun bat zendu da.

Poliziak negar eragiteko gasa erabili du nekazarien aurka, New Delhin. HARISH TYAGI/EFE
Maria Ortega Zubiate
2021eko urtarrilaren 26a
13:01
Entzun

Aldarrikapen eguna izan zuten atzo Indiako nekazariek. Indiako Errepublikaren Egunerako gobernuak New Delhi hiriburuan antolatu zuen ospakizuna aprobetxatu dute merkatuaren liberalizazioaren aurkako protestak plazaratzeko. Ordura arte New Delhiko sarreretan egin zuten protesta nekazariek, baina gaur hiriaren erdigunera desbideratu dira manifestariak. 10.000 traktore baino gehiagok eta ehunka milaka lagunek hartu dute hiriko erdigunea. Protesta baketsua izateko asmoa zuena desbideratzean sortu da talka poliziarekin, eta hark negar gasarekin eta ur kanoiekin erantzun die. Gutxienez lagun bat zendu da istiluen ondorioz, bere traktoreak poliziaren barrikada baten kontra jota.

Protestaren antolatzaileek protestek «baketsuak» izan behar zutela azpimarratu zuten: hain zuzen ere, hiriburuko erdigunera ez hurbiltzeko asmoa zuen protestak, eta Poliziak barrikadak jarriak zituen manifestariak hurbiltzea ekiditeko. Protesta hasi eta gutxira, ordea, okertu da aurreikusitako plana, eta ibilbidea aldatu du manifestazio buruak, hiriburuko erdialderantz, gobernuak antolatutako desfilearen ibilbiderantz. Eta orduan sortu dira istiluak, Poliziak negar gasa eta ur kanoiak erabili baitzituen manifestariei eraso egiteko, gutxienez hildako bat utziz.

Arnasa luzeko borroka

Baina gaurko mobilizazioa ez da  berria Indian. Azarotik ari dira  protestan nekazariak. Poliziak New Delhirako sarbidea debekatu zien, eta, horregatik, hiriburuaren kanpoaldean bildu izan dira orain arte. Tartean izan da greba orokor bat, eta otsailaren 1ean, 2021erako aurrekontuak aurkezten dituzten egunean, parlamentura oinez joango direla iragarri dute.

Arau berri horiekin, nekazariek aukera izango dute beren elikagaiak gobernuak araututako merkatuetatik kanpoko erosleei saltzeko. Neurri hori nekazarientzako onuragarria izango dela iritzi dio Modrik, «bitartekaritzaren morrontzatik» aske geratuko direla argudiatuz. Baina nekazarien elkarteak ez datoz bat, orain arte estatuak kontrolatutako merkatuetan eta prezioetan saltzen baitzituzten produktuak, eta diru sarrerak bermatuak zituztela argudiatu dute. Merkatuaren liberalizazioak hori aldatuko duela salatu dute: ekoizleak merkatu librearen menpe utziko dituela, eta merkatuan korporazio handiak sartzen badira beren sostengua arriskuan geldituko dela, neurriak enpresa talde handiei soilik egingo baitie mesede, haien ustetan.

Nekazaritzak pisu handia duen herrialdea da Modriren gidaritzapean dagoena: 2,4 bilioi euroko barne produktu gordinari %15eko ekarpena egiten dio, eta, 1.400 milioi herritarretatik erdiak baino gehiagok egiten dute lan jarduera horretan. Erreformaren kontrako nekazari taldeek gehitzen dute nekazariei soilik ez, biztanleria osoari eragiten diotela neurriek: «Nazio osoaren elikadura segurtasun» arriskuan dagoela argudiatu dute.
Protesten gorakadaren aurrean, gobernuak neurri horiek hamazortzi hilabetez atzeratzea eskaini die. Baina sindikatuek ez dute onartu bere proposamena, hiru legeak bertan behera uztea ez den beste ezer onartuko ez dutela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.