Betis 3-1 Reala

Realak amaitu du sasoi honetako kopako bidea, Betisen aurka galdu ondotik

Txuri-urdinak irabazten hasi diren arren, Manuel Pellegriniren taldeak partida irauli du. Mateu Lahoz epaileak Illarramendi eta Sanabria kaleratu ondotik, hamar jokalarirekin amaitu dute bi taldeek. Carlos Fernadezek hasieran jokatu du donostiarrekin.

Borja Iglesias, goleko jaurtiketa bat egiten. Aurrelari espainiarrak egin zituen Betisen bi gol. RAUL CARO CADENAS / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 26a
23:30
Entzun

Realak kale egin du Betisen aurka. Hori zan zitekeen joan zen igandeko egunkariko titulua, baina balio berbera du gaur ere. Lau egunean bigarren aldiz, donostiarrek huts egin dute aurkari beraren kontra, eta larunbateko ligako neurketan bi puntu kareletik bota baldin bazituen, oraingoan Espainiako Kopatik kanporatuta geratu da. Oso bestelako gidoia izan du kopako norgehiagokak, baina aho zaporea mingotsa izan du, beste behin. Kopako final-laurdenetarako sailkatzeko xedez ekin dio Benito Villamarin estadioko partidari, eta bideratua izan du luzez. Azkenerako, ez du inolaz ere lortu, ordea, Betisek luzapenean bi gol sartu baititu, eta partida 3-1 amaitu baita.

Hasi, ondo hasi du kanporaketa Realak, partidari ekin eta gutxira bideratu baitu. Egiari zor, Betis izan da hasieran baloi gehien eduki duen taldea, baita aurkariaren atera sarrien gerturatu dena ere. Ez da eraginkorra izan, ordea, eta horrek lagundu egin dio Realari, txuri-urdinek neurketari neurria hartu dioten artean. 

Etxekoen lehen saialdiak ezerezean geratu ondotik, aiseago aritu da Imanolen taldea. Pixkanaka urrats bat egin du aurrera, eta bere lekua aurkitu du zelaian. Erasora gehiago jotzeko modua eman dio horrek, eta egindako apurra baleko izan zaio aurretik jartzeko.

Mikel Oiartzabalek sartu du 0-1ekoa. Atzeko lerrotik abiatutako jokaldi batean, Andoni Gorosabelek hegalik hegal zabaldu du baloia, eta Oiartzabali eman. Eibartarrak, kontrolatu, eta ezkerrez egindako jaurtiketa indartsua sareetara bota du. 13. minutua zen.

Realak gola sartu du atera jaurtitako estreinako aldian, eta partidako ia bakarrean. Ordura arte, Betisek pisu handiagoa izan du jokoa gidatzen, baina bisitariak aurreratu dira. Manuel Pellegriniren taldeak bere ohiko moldea azaldu du lehen 20 minutuetan. Erasorako ekimen handiagoa izan du; kontrara, bigunegi aritu da atzeko lerroan. Horixe du bere lasta Sevillako taldeak.

Abantaila lortuta, Realak jokoan agintzen utzi dio Betisi. Aurkariari lerro artean aritzeko tarterik zabaldu gabe, asmatu du partidari gidoirik komenigarriena idazten. Hala, atsedenaldira irabazten heldu da Reala.

Gandu artean nahastuta
Bigarren zatia ilunago hasi da Donostiako taldearentzat, eta ez Benito Villamarin estadioa hartu duen behe lainoarengatik soilik. Jokoari berrekin, eta, hiru minutu barru, Asier Illarramendi kaleratu du Mateu Lahoz epaileak, mutrikuarrari bigarren txartel horia erakutsita. VARaren laguntzarekin hartu du erabaki hori, Illarramendik Sidnei jo duelakoan. Realeko kapitainak ez du Betiseko erdiko atzelaria ukitu.

Arauzko denbora betetzeko 40 minutu falta zirela, futbolari bat gutxiagorekin zen Reala, baina taldea ez da kikildu, hasieran, bederen; horren adibide da 60. minutuaren mugan Cristian Portuk izandako abagunea: ate aurrean bakar-bakarrik geratu arren, ez da baloia jotzera iritsi. Portuk berak aldea handitzeko aukera izan du handik bi minutura, baina haren jaurtiketa kornerrera aldendu du Joel Betiseko atezainak.

Azken ordu erdian Betisek %70an ere eduki du baloia, baina Toni Sanabriaren huts batek oreka ekarri du zelaira; joko oldarkorra egin eta araua hautsi ondotik, Mateu Lahozek bigarren txartel horia atera dio. 25 minutu falta zirela, hamarna jokalarirekin geratu dira bi taldeak.

Alabaina, horrek ez dio mesederik egin Realari; alderantziz, Sergio Canalesek berdinketa lortu baitzuen 78. minutuan. Bat gutxiagorekin ondo eutsi arren, parez pare jartzeak kalte egin die Imanolen jokalariei.

Luzapenean, bi kolpe
Betisek banakoa ezarri ostean aukera apur batzuk izan dituzte bi taldeek, arauzko denbora bete aurretik abantaila hartzeko, baina ez dute asmatu. Kontuak horrela, ordu erdi gehiagoz aritu behar izan dute, nork aurrera egingo. Realak izan ditu luzapeneko lehen bi aukerak, baina etxekoak izan dira gola sartu dutenak. Borja Iglesiasek txuri-urdinen atzeko lerroaren huts bat aprobetxatu du bere taldea aurretik jartzeko. 

Aldea ezarrita, jokoa itzaltzen hasi da segidan, eta Reala ez da gai izan oreka ezartzeko, eta Betisek itzalaldi hori aprobetxatu du luzapeneko bigarren gola sartu eta neurketa ia itxita uzteko. Berriz ere Iglesias izan da golegilea, 111. minutuan.

Partida amaitzeko lau minutu falta zirela baloia sareetara bota du Adnan Januzajek, baina Mateu Lahozek beste protagonismo dosi bat bereganatu nahi izan du, eta, duda-mudatan aritu ostean, ez du ontzat eman belgikarraren jaurtiketa. Gandu artean galduta amaitu da sasoi honetako Espainiako Kopa Realarentzat; iazkoaren karta jokatzea geratzen zaio oraindik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.