Nafarroako Gobernuak bi astez luzatuko ditu neurri murriztaileak

Kutsatzeen igoera mantsotu arren, "zuhur" jokatzeko deia egin du Indurain kontseilariak

Ostatuen barnealdea itxita egonen da datozen bi asteetan ere. Irudian, Iruñeko ostatu bat, eramateko kafea saltzen. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2021eko urtarrilaren 27a
19:16
Entzun

Beste bi aste, gutxienez. Nafarroako Gobernuak 14 egunez luzatu ditu azken asteotako neurri murriztaileak, COVID-19aren aurkako estrategiaren barruan. Hortaz, otsailaren 11ra arte, ezinen da taberna eta jatetxeen barnealdean kontsumitu (bai, ordea, terrazetan).

Bestalde, aurretik indarrean ziren beste neurri batzuk ere luzatu ditu Nafarroako Gobernuak, otsailaren 15era arte. Besteak beste, honako arau hauei eutsiko diete datozen asteetan: herrialdearen itxiera perimetrala, 23:00etatik aurrerako etxeratze agindua eta etxe barruko bilerak bizikidetza unitate bakarrera mugatzeko agindua.

Osasun kontseilari Santos Indurainek azaldu du PCR eta antigeno probetan atzemandako positibo berrien hazkundea "mantsotu" egin dela azken egunetan, baina egoera "kezkagarria" dela oraindik orain: "Apaldu egin da igoera, baina ezin dugu ahaztu goranzko joerak ez duela etenik izan azken bost asteetan, Gabonetako inflexio puntuaz geroztik".

Gainera, Osasun kontseilariaren esanetan, kasu berrien hazkundeak "isla garbia" du jada ospitaleen egoeran: "Birusaren bilakaera ezagututa eta urtarrilean COVID-19az gaindiko beste hainbat gaixotasun agertzen direla jakinda, erne ibili beharko dugu".
 

Hori dela eta, espazio berriak atondu dituzte Nafarroako ospitaleetan, COVID-19ko pazienteak artatu ahal izateko. Oraingoz, ordea, ez dute "ospitaleetako ohiko prozedurak atzeratzeko edo desprogramatzeko" beharrik izan, "Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleko pare bat ebakuntza kenduta". Uneotan, egoera "egonkorra eta gobernatzeko modukoa" dela uste du Indurainek, "baina zuhur jokatuko dugu, kontingentzia planeko hurrengo fasea aktibatuta".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.