Donostiako ostalaritza itxiko dute gaur

Bilbo eta Gasteizen ondoren, gune gorrira pasatu da Gipuzkoako hiriburua. Barakaldon ere neurri bera ezarriko dute.

Donostiako Parte Zaharreko Juantxo tabernako terraza. JUAN CARLOS RUIZ / EFE
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 28a
14:48
Entzun

Jatetxeak eta tabernak itxita, ostalaritzak indar handia duen hiri batean. Beraz, horrela dago Donostia gauerditik. Izan ere, azken 14 egunetan, 100.000 pertsonatik 500eko baino handiagoko intzidentzia tasa pilatu da hirian (530,73), eta, horren bitartez, eremu gorri deiturikoan dago.

Bilbon urtarrilaren 22tik daude itxita taberna eta jatetxeak; Gasteizen, 26tik, eta Baionan eta Ipar Euskal Herri osoan, urriaren amaieratik. Iruñean, eta Nafarroa osoan ez dute gune gorrien sistema ezarri, eta, horren ordez, herrialde osoan, joan zen larunbatetik debekatuta dago taberna eta jatetxeen barruan egotea. Bakarrik terrazetan kontsumi daiteke.

Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan dituzte ostalaritzaren inguruko neurririk zorrotzenak: urriaren amaieratik, itxita daude tabernak eta jatetxeak.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, denera, 80 hiri eta herri daude eremu gorrian, eta, beraz, ostalaritza eta eskola kirola jarduerak etenda. Azken ebazpena astelehenean argitaratu zuen Jaurlaritzak, eta, orduan, 63 herri zeuden gune gorrian. Beraz, lau egunetan beste 17 herri daude egoera horretan. Horietako 41ek, gainera, 5.000 biztanle baino gehiago dituzte.

Barakaldo ere bai
Donostiaz gain, beste hiri handi bat batu da ostalaritza itxia izango dutenen zerrendara: Barakaldo (Bizkaia); ehun mila biztanle pasatxo ditu, eta azken 14 egunotan 521,21ko intzidentzia tasa metatu du.

Intzidentzia tasak, herriz herri, eta gune gorian dauden herrien zerrenda ere hemen ikus daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.