Alcoyano 1-2 Athletic

Zertarako aldatu, balio duena bada

Athleticek aurrera egin du Espainiako Kopan, Alcoyano menderatuta. Aurreko kanporaketako gidoiari segi dio neurketak, eta markagailua iraulita lortu du sailkatzea.

Iñaki Williams, Athletici garaipena eman dion gola sartu berritan. MANUEL LORENZO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2021eko urtarrilaren 28a
23:08
Entzun

Athleticek Espainiako Kopako final-laurdenak jokatuko ditu.  Zuri-gorriek aurreko kanporaketako lezioa ikasita jokatu dute Alcoyanoren aurkako partida, eta ordukoan aurrera egiteko baliatu zuten eskema errepikatuta lortu dute lehiaketan segitzea.

Marcelino Garcia Toral entrenatzaileak lehengoari eutsiz eran egituratu du bai neurketa, eta baita taldea ere. Sarrien aritzen ez diren zenbait jokalari ezarri ditu hamaikakoan, eta hori baliatu nahi izan du bi maila beherago ari den talde bat mendean hartzeko. Eivissaren aurka eskas hasi zen taldea, eta gaurkoan ere okerretik ekin dio neurketari. Makal aritu dira zuri-gorriak lehendabiziko zatian, apal. Arriskurik ez dute sortu bisitariaren atean, eta horrek patxadaz aritzea ahalbidetu dio etxeko taldeari. 

Alcoyanok Athleticen bizkar utzi du jokoa antolatzearen zama, baina aldi berean ondo kokatu da defentsako lanerako. Gisa horretara orekatu dute dema Herrialde Katalanetakoek, kamustu egin baitu Athleticen erasorako gaitasuna. Baloiaren jabetza izateak ez du beti nagusitasuna bermatzen, eta horixe gertatu zaie Marcelinoren jokalariei.

Lehen ordu erdian, bi taldeak aldi bakanetan izan dira arerioa estutasunetan jartzeko gai. Zuri-urdinek bere lekua aurkitu dute minutuek aurrera egin ahala, ordea, eta geroz eta min arrisku gehiago sortu dute Jokin Ezkiatek zaindutako atearen inguruan. Harik eta 39. minutua ailegatu den arte; area ertzean aldeko falta bat izan du Alcoyanok, eta errealitate bihurtu du ordura arte desio zena: atera jaurti du, ezkerrez, eta nahiz Ezkietak baloia ukitu duen, ezin izan zuen hura geratu. Irabazten hasi da Bigarren B mailako taldea.

Atsedenaldira heldu artean bi areatara joan eta etorri ibili da baloia, baina markagailuak bere horretan segitu du. Aurreko kanporaketan nola, gisa bereko talde baten aurka neurketa irauli beharrean izan da Athletic. Marcelinok ageriko utzi du orduko lezioa bereganatu zuela. Eivissan egindako aldaketa berberak egin ditu bigarren zatia hasterako; Iker Munian eta Raul Garcia zelairatu ditu, aurreko aldiaren une berean; 46.ean sartu ziren orduan ere.

Asmatu du teknikari espainiarrak. Pixkanaka, Athleticek aurrerako urrats bat egin du berdegunean, eta berandu baino lehen heldu zaio indarrak orekatzeko tenorea. Asier Villalibrek 52. minutuan banako berdinketa egin du. Hortik aurrera, joko ideia argiago batekin aritu da Bilboko taldea. Final-laurdenak xede, ordura arteko presa guztia joan egin zaio Athletici. Gaitasun tekniko nahiz fisiko handiagoa duenaren jakitun, denbora igaro ahala talde bakoitzaren maila ageriko geratu da.

Zer esanik ez Marcelinok ostera kaiera zaharrari heldu eta Iñaki Williamsi ordu erdi pasaz aritzeko modua egin dionean. Hain justu, lehengo hurrenkera berean egin zituen aldaketak, eta baita minutu berean ere, gutxi-gehiago. 
Funtzionatzen duen hori bere horretan uztea komenigarria ei da. Horixe pentsatuko zuen Athleticen prestatzaileak Alcoyanoren zelaian. Bada, bete-betean jo du. Williams bera izan da zuri-gorrien bigarren gola egin duena. 

Zuri-gorriak nagusi izan dira bigarren zatian, eta horixe islatu du markagailuak. Memoriaren garaipena izan da; hartu aurreko aldian balio izan ziona, eta huraxe errepikatu. Sarri, aurkariari erreparatu gabe norberaren indarguneak lantzea nahikoa baita.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.