'ZALDIBAR AUZIA'

Herri akusazio gisa onartu dituztela jakinarazi diete hainbat entitateri

Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak Ekologistak Martxan eta zabortegiaren inguruko herrietako udalak onartu ditu, besteak beste, ingurumenaren aurka deliturik egin ote den ikertzeko kausan

Marisol Ramirez / Foku. HONDEAMAKINA BAT ZABORTEGIAN, JOAN DEN URRIAN
Igor Susaeta.
2021eko urtarrilaren 29a
12:59
Entzun

Ekologistak Martxan-ek jakinarazi duenez, bai haiek bai beste hainbat entitate onartu ditu Durangoko Instrukzioko 1. Epaitegiak, Zaldibarko zabortegian (Bizkaia) ingurumenaren aurka deliturik egin ote den ikertzeko kausan. Ekologisten arabera, beste entitate horiek dira «bi ingurumen elkarte», Zaldibar, Ermua (Bizkaia), Eibar eta Elgetako (Gipuzkoa) udalak, Interbiak Bizkaia SA sozietatea, Allianz Seguros, eta joan den otsailaren 6an gertatutako luizian desagertutako bi langileetako baten senideak.

«Ingurumen elkarte» horiek dira GuraSOS eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Aldeko Plataforma. Azken horrek eta Zaldibar Argitu herri plataformak elkarrekin aurkeztu zuten herri akusazioa, joan den urrian. Eskubide Sozialen Kartaren iturri judizialek Berria-ri adierazi diotenez, oraindik ez dute jakinarazpen ofizialik jaso. «Baina pentsatzen dut laster esango digutela».

Prozesuan jarraitu ahal izateko, bai haiei, bai GuraSOSi, baita plataformei ere epaitegiak 500 euroko bermea eskatu dietela zehaztu du Ekologistak Martxan-ek ohar batean. «Eskatutako bermea neurritsua den arren, gure ustez, ez zen bermerik adierazi behar; edo sinbolikoa izan beharko luke». Elkarteak nabarmendu du laguntza ekonomikoa lortze aldera «herri kanpaina» martxan jartzea pentsatzen ari direla.

Uste dute ekologistek «motelegi» doala prozedura judiziala. «Ondorioz», sindikatu, erakunde ekologista, auzo elkarte eta bestelako eragile ugarik bultzatutako U30 Aldaketaldia dinamikak biharko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du. «Larrialdi klimatiko, ekologiko eta soziala» salatu eta «trantsizio ekologiko eta sozialki justua» eskatuko dute. Ekologistak Martxan-ek, gainera, otsailaren 6an, zabortegiaren amiltzearen urteurrenean, Zaldibar Argitu plataformak antolatuko dituen mobilizazioak babesten ditu, eta horiekin bat egitera deitu du.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.