Bilboko Aratusteak

Aratusterik ez da izango Bilbon

Ardura kolektiboagatik hartu du erabakia Jai Batzorde Mistoak, aho batez. Erantzukizunez, nahi duenak norbere etxetik inauteriak ospatzeko «magia egitera» animatu dituzte herritarrak.

Bilboko Aratusteak ez direla ospatuko jakinarazteko prentsaurrekoa gaur goizean,. ARITZ LOIOLA / FOKU
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko urtarrilaren 29a
13:15
Entzun

Jakina zena, konfirmatu dute: Bilbon aurten ez da aratusterik ospatuko. Otsailaren 6tik 16ra bitartean egin behar ziren aratusteak, baina pandemia egoera aintzat hartuta Jai Batzorde Mistoak ospakizunik ez egitea erabaki du, eta herritarrei eskatu die erantzukizunez jokatzeko eta arduratsuak izateko.

Bilbo gune gorrian sartu zen joan den astean eta egungo osasun neurriek ez dute uzten ezelako ekitaldirik ospatzen. «Ez dago osasun baldintzarik Bilboko Aratusteak antolatzeko ezta ohiko programazioa garatzeko ere, prebentzio irizpideei, elkartasunari eta elkar zaintzako filosofiari jarraikiz». Hala azaldu dute Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jai zinegotziak eta Artzai Goieaskoetxea Bilboko Konpartsetako kideak, gaur goizean Euskal Museoan egindako prentsaurrekoan.

Lehentasuna bilbotarren osasuna eta ongizatea babestea dela gogoratu dute antolatzaileek, eta, horretarako, arduraz jokatu nahi izan dute, aratusteak kalean ez antolatzeko hartutako erabakiaren bidez. Hala, jende pilaketak saihestea da helburu nagusia. «Erantzukizun kolektiboa dugu erakundeok, elkarteok, kolektibo orok eta herritarrok, pandemia-garaian kutsatze-bideak murrizteko».

Halaber, jai girorako gogoa egon badago ere Ez-Aratusteak birtualki egiteko aukera ere baztertu du Jai Batzorde Mistoak . «Zail ikusten genuen aratusteen balio nagusiak diren kritika sozial eta politikoari, askatasunari eta anabasari bide telematiko duina ematea», azaldu dute.

Burbuila taldeetan

Kalean urteroko giroa faltako da, baina, hala ere, Jai Batzorde Mistoak dei egin die bilbotarrei aratusteen espirituari muzinik ez egiteko eta norbere etxean inauteriak ospatzeko; betiere, besteekiko arduraz jokatuz. Horretarako, 2021eko Bilboko Aratusteek gai bat izango dute ardatz: magia. «Magia, osasun krisiaren olatu denak gainditzeko; magia, krisi ekonomikoan inor atzean ez uzteko; magia, itxaropenik ezaren, tristeziaren, urduritasunaren eta umore txarraren olatuan surf egin eta xisteratik irribarre bat ateratzeko», azaldu dute. Horri guztiari aurre egiteko, adierazi dutenez, elkartasuna eta elkar zaintza izango dira magia trikimailurik egokienak.

Joare hotsak Uztaritzen

Aurten inauteriak antolatzeko aukerarik ez bada ere, Uztaritzen eta Jatsun (Lapurdi) kalera ateratzea erabaki dute Kotilunek. Joareak gerrian eta maskarak eta ttuntturroak buruan, etxez-etxe dabiltza igandero. Dagoeneko ibiliak dira Arruntza auzoan eta Jatsun. Heldu diren igandeetan Uztaritzeko auzoetan eginen dituzte puska biltzeak: otsailaren 7an Hiribeheren, 14an Heraitzen eta 28an Purgun. Kutun elkarteak duela lau urte sortu zituen Kotilunak, Kotilungorrien eta joaldunen arteko nahasketa. Nolanahi ere, gainerako ekitaldiak ez dira eginen, beraz, aurten ez da Hartzaro festibala antolatuko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.