Abiadura Handiko Trena

AHTaren kontrako protesta egin dute Italiak Iruñean duen kontsuletxean

Susa ibarrarekiko elkartasuna adierazteko pankartak eskegi dituzte bi ekintzailek.

Mugitu! taldeko ekintzaileak, pankartak jartzen. Eskuinean kontsuletxeko ordezkari bat Poliziari deitzen. MUGITU!
Edu Lartzanguren.
2021eko urtarrilaren 29a
17:46
Entzun

Italiako iparraldeko Susa ibarrean eraiki nahi duten abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduari elkartasuna adierazteko ekintza gauzatu dute Mugitu! taldeko bi ekintzailek gaur goizean Iruñean, Italiak duen kontsuletxean.

Egoitzako balkoira igo dira ekintzaileak, aldameneko eraikinean jarrita dagoen aldamioa erabilita, eta abiadura handiko trenaren aurkako pankartak zintzilikatu dituzte.

Lyon (Frantzia) eta Turin (Italia) artean abiadura handiko trena egin nahi dute Alpeetako Susa ibarretik. Borrokan dabiltza 2005etik. Lanen guneak okupatu izan dituzte ekintzaileek. Gaurko ekintzan azpiegituraren kontrako mugimenduak pairatzen duen errepresioa salatu dute. Izan ere, egunotan gose greba egiten ari dira abiadura handiko trenaren aurkako mugimenduko bost emakumek, Bussoleno herriaren erdialdean. Besteak beste, preso diren mugimenduko kideen komunikazioak eta aurrez aurreko bisitak berriz ahalbidetzeko eskatzen ari dira protestarekin, eta, izurriaren harira, osasun azterketak egiteko.

Iruñeko kontsuletxearen balkoian Italiako bandera kendu dute ekintzaileek, eta, haren ordez, AHT ez mezua zuena paratu dute, Euskalerria Irratiaren arabera. Kontsuletxeko ordezkari bat atera da balkoira eta Poliziari deitu dio. Ekintzaileek alde egin dute Polizia agertu aurretik.

Hainbat ekintza egin ditu Mugitu! taldeak AHTren aurka azken hilabeteotan.

Joan zen abuztuan, AHTren obrak geldiarazteko saioa egin zuten Martzillan (Nafarroa).

Irailean, berriz, taldeko hainbat kidek Espainiako Gobernu ordezkaritzara igo eta euren buruak lepotik kateatu zitzaizkion. Espainiako Poliziak mugimenduko zortzi kide atxilotu zituen hilabete horretan bertan.

Mugitu! taldekoek orduan argudiatu zutenez, Airef Erantzukizun Fiskalaren Aginte Independente erakundeak abuztuan argitara eman zuen txostenak eta Europako Kontu Auzitegiak 2018an egindakoak AHTaren inbertsioaren eraginkortasuna jarri zuten zalantzan. Horregatik, egitasmoa gaur «unerik ahulena» pairatzen ari dela ondorioztatu zuten ekintzaileek, eta desobedientziaren bidetik «inoiz baino gehiago» jarraitu behar zela adierazi zuten, trena «Euskal Herriaren historiako azpiegiturarik xahutzaileen, suntsitzaileena eta antisozialena» dela argudiatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.