MTorresek 164 langile kaleratzeko espedientea aurkeztu du; 89, Nafarroan

14:00etan langileen batzordearekin zuten bileran jakinarazi du albistea zuzendaritzak. CCOOk adierazi du kaleratzeak saihesteko lan egingo duela.

Manuel Torres enpresaren sortzailea. Iaz hil zen. IñAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2021eko otsailaren 1a
16:17
Entzun

Espero zuten, baina ezustea izan da. MTorreseko zuzendaritzak 14:00etan egin duten bileran jakinarazi die 164 kontratu behin betiko eteteko erregulazio espedientea aurkeztuko duela: 89 Dorren (Elortzibar, Nafarroa) duen fabrikan izango dira, eta beste 75, Fuente Alamon (Murtzia, Espainia). Astebete eman die enpresak langileen ordezkariei espedientearen baldintzak negoziatzen hasi aurretik.

Bilera amaitu berritan, Carlos Ibañez langileen batzordeko presidente eta CCOOko ordezkariak esan du ikusten zutela etor zitekeela neurri hori. COVID-19-aren ondorioz, hegazkin sektorea nabarmen gelditu da, eta horrek, halaber, bete-betean eragin dio hegazkingintzari. Ibañezek gaineratu duenez, bilera horretan informazio hori ematera mugatu da enpresa. Haien asmoa da Murtziako fabrikako langile batzordearekin hitz egitea negoziatzen hasi aurretik.

CCOOk bost ordezkari ditu batzordean; ELAk, beste bost; eta CITE sindikatuak, hiru. «Jabetzen gara egoera zaila bizi duela sektoreak, baina etorkizuneko planta da gurea», nabarmendu du Ibañezek. Kaleratzeen iragarpena «albiste txarra» dela azpimarratu du. 

Datorren astean hasiko dira negoziazioak, eta martxoaren 14ra arte iraungo dute. Enpresaren asmoa da espedientea martxoaren 15 eta 26 artean aplikatzea. Uneotan, langileen %30i eragin dien aldi baterako erregulazio espedientea dute, eta martxora arte izango da. Hori berritzeko asmoa dute, eta 185 langileri eragingo die Nafarroan.

Pandemiak eragindako krisiaz harago, Espainiako Gobernuak Txinara esportatzeko hiru baimen ukatu dizkio. Konpainiak argudiatu du ahal duen guztia egin duela neurri hori hartu aurretik. «Jabetzen gara neurrien gogortasunaz eta horrek langileengan duen eraginaz». Hala ere, hartu ezean, ondorioak luze gabe «okerragoak» liratekeela ondorioztatu du. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.