Enpresak

Tubacexek ere langileak kaleratu nahi ditu, baina ez du zehaztu zenbat

Beste langileak aldi baterako erregulazioan sartu nahi ditu, eskari gutxi dituela argudiatuta.ELAk borroka agindu du, enpresaren egoera ez delako langileen errua.

Tubacexeko langileak protestan, abenduan. DAVID AGUILAR / EFE
Iker Aranburu.
2021eko otsailaren 1a
17:34
Entzun

Tubacexeko zuzendaritzak jakinarazi du erregulazio espediente bat negoziatu nahi duela sindikatuekin. Horren bitartez, lantaldearen zati bat kaleratu nahi du, TTIn (Laudio) eta Aceralavan (Amurrio) fabriketan. Hodien egileak 800 langile ditu AIaraldeko bi fabriketan, Araban.

Zuzendaritzak argudiatu du "egiturazko arazoak" dituela planta horietan, eta langileak kaleratu behar dituela problema horiek konpontzeko. Gainera, botako ez dituen langileak aldi baterako erregulazioan jarri nahi ditu, eskari gutxi dituelako gaur egun.

Abenduan aurreratu zuen Tubacexek erregulazio espediente bat aurkeztu nahi zuela, hemezortzi milioi euroren galera "jasanezinak" izango zituelako 2020. urtean, eta kostuak jaitsi behar zituelako Laudioko eta Amurrioko lantegiei eutsi nahi bazien.

Tubacexi eta beste hodigileei kalte egin die petrolioaren eta gasaren azken hilabeteetako merkatzeak, erregaien enpresak baitira haren produktuen bezero nagusietakoak. Tubacexek ziurtatu du energia sektoreak %40 txikitu dituela bere inbertsioak 2015ean petrolioaren prezioa amildu zenetik, eta proiektu asko bertan behera utzi dituzte.

COVID-19ak "zetozen egiturazko aldaketak bizkortu ditu", eta handitu egin du energia berriztagarrietan egiten diren inbertsioak, hidrokarburoen kaltetan.

2020ko uztailean jakinarazi zuen lehen aldiz Tubacexek lan kostuak %20 jaitsi nahi zituela, eta horrek eragina izango zuela Amurrioko eta Laudioko fabriketan.Orduz gero negoziatzen aritu dira kostu horiek nola jaitsi, baina elkarrizketa horiek ez dute akordiorik lortu. Zuzendaritzak dio irtenbide "ez-traumatikoak" proposatu dituela, hala nola langileei soldatak %9 txikitzea.

Neurriak ez hartzeak "negozioa arriskuan" jarriko lukeenez, erregulazio espedientea aurkezteko prozedura abiatu du.

ELAren erantzuna

Iragarpena "oso albiste txarra" dela ziurtatu du ELAk, eta bere haserrea adierazi du. "Enpresak bizi duen egungo egoera ez da sortu langile kopuruagatik, ez lan baldintzegatik. Garrantzitsua iruditzen zaigu azpimarratzea konpainiak irabazi handiak izan zituela 2019ra arte", ELAren arabera, zuzendaritzak berak luke egoeraren errua, ez duelako sindikatuek eskatutako dibertsifikaziorako urratsik egin. "Produktu berrietarako trantsizioa aspaldi eskatu zuen parte sozialak, baina orain arte ez da arrakastaz egin".

Azken urtean Aiaraldeko fabriketan 150 lanpostu gutxiago daudela gogorarazi du ELAk, behin-behinekoei ez dielako kontraturik berritu," eta horiei gehitu behar zaie azpikontratetan gertatu den enplegu suntsiketa".

ELAk borroka egingo duela iragarri du, eta langileen aldetik erantzun sendoa izan behar duela gaineratu.

Dei egin diete administrazioei ere, ez ditzaten EBren Hurrengo Belaunaldia funtsen dirurik eman enplegua bermatzen ez duten enpresei. "Ezin dugu onartu industria trantsizio bat langabezia eta pobretze handiagoa ekarriko duena enpresen irabaziak handitzearen kontura".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.