EUSKAL PRESOAK

Atzera bota dituzte preso bati emandako erredentzioak, «espresuki barkamena» ez eskatzeagatik

Sebas Etxaniz euskal presoari hirugarren gradua eman zioten uztailaren 7an, eta etxean ari da zigorra betetzen. Villabonako espetxeko tratamendu batzordeak 45 eguneko ezohiko erredentzioak eman zizkion, eta Espetxe Zaintzako epaitegiak onartu egin zituen, baina, fiskalak helegitea aurkeztuta, Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu orain.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Concepcion Espejel epailea, 2017an. EMILI NARANJO / EFE
maddi ane txoperena iribarren
2021eko otsailaren 1a
17:41
Entzun

Espainiako Auzitegi Nazionaleko lehen zigor salako Concepcion Espejel epailearen arabera, Sebas Etxaniz euskal presoak aurkezturiko idatzia «generikoa» da, haren helburu bakarra espetxe onurak lortzea da, eta ez du «espresuki barkamena» eskatzen. Hori dela eta, onartu egin du fiskalaren eskaera, eta gibelera bota ditu aurrez Villabonako espetxeko (Asturias, Espainia) tratamendu batzordeak euskal presoari emandako 45 eguneko ezohiko erredentzioak. Etxaniz joan den uztailaren 7tik dago hirugarren graduan, eta etxean ari da zigorra betetzen. Espainiako Auzitegi Nazionalaren menpe dagoen Espetxe Zaintzako epaitegiak onartu egin zituen erredentzio horiek, tratamendu batzordeak egindako balorazioari men eginez, baina Auzitegi Nazionaleko lehen salak atzera bota ditu orain.

Espejel epaileak izenpeturiko autoen arabera, «ETAko beste preso batzuek» egindako idatzien «berberak» dira Etxanizek egindakoak, «izaera finalista» dute, eta ezin dira «parekatu espresuki barkamena eskatzearekin», ezta «egindako minaren diruzko erreparazioarekin» ere, «barregarri eta sinboliko» ez diren kopurutan. Autoak zehazten du idatziak «postulatu terroristen ukapen kategorikorik» ere ez duela egiten.

Auzitegi Nazionalak azaldu du, gainera, Etxanizek 2016an egin zuela idatzi hori, eta 2019an, hiru urte geroago, espetxeak txosten psikologiko bat aurkeztu zuela, zeinean azaltzen baitzen euskal presoak ez ziola «borroka armatuari uko egin» eta ez zuela onartu espetxe legedia. Txosten horrek dio, halaber, euskal presoak ez zuela «damurik» erakutsi eta delitu bera egiteko arrisku «handia» zuela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.