BETIS 1-0 OSASUNA

Barkatu egin du, eta garesti ordaindu

Osasunak galdu egin du Betisen zelaian. Gorritxoek gol aukera garbiak izan dituzte, baina ez dute bakar bat ere asmatu. Etxekoek, aldiz, izan duten aukera bakarra aprobetxatu dute

Unai Garcia, jota, partida amaieran. JOSE MANUEL VIDAL / EFE
Julen Etxeberria.
2021eko otsailaren 1a
23:10
Entzun

Barkatzen duenak garesti ordaindu ohi du. Eta horixe pasatu zaio bart gauean Osasunari Sevillan (Espainia), Benito Villamarinen. Talde gorritxoa antzu aritu da ate aurrean, eta larrutik ordaindu du: galduta eta esku hutsik itzulita. Horren ondorioz, Jagoba Arrasatek entrenatutako taldeak ezin izan dio segida eman azken jardunaldian Sadarren Granadaren aurka irabazita hasitako gorako bideari. Ez dago jaitsiera postuetan, baina 18. sailkatuarekin berdinduta dago, Alavesekin. Golen aldeari esker ez dago jaitsiera postuetan.

Neurketak bi protagonista izan ditu: Joel Robles Betiseko atezaina eta Jonathan Calleri Osasunako aurrelaria. Lehenak amorrarazi egin du bigarrena. Nola? Haren ahalegin guztiak ezerezean utzita. Aurrelari argentinarrak gola sartzeko hiru  aukera garbi izan ditu, baina guztiak zapuztu ditu atezain espainiarrak. Baina Calleriri bakarrik ez, Ruben Garciari ere geldiketa bikaina egin dio Joelek. Hark salbatu du etxeko taldea, Osasuna nagusi izan baita ia partida osoan, eta gutxienez punturen bat lortzeko merituak egin baititu.

Azken ordu laurdenean bakarrik lortu du Betisek gorritxoen nagusitasuna gainetik kentzea. Eta momentuko nagusitasun hori gola sartuta indartu du. Borja Iglesiasek sartu du partidako gol bakarra, 80. minutuan. Joelek luze atera du, Tellok pasea eman dio aurrelariari zelai erditik, eta, Osasunako jokalariek ez bezala, hark ez du barkatu Sergio Herreraren aurrean. Golak jota utzi du Jagoba Arrasatek entrenatzen duen taldea. Hala ere, azken ahalegina egin du, baina, berriro, ez da fin aritu ate aurrean.

Osasunak suspertu beharra du, eta horretarako aukera izango du igande honetan, Sadarren, Eibarren aurkako derbian. Neurketa horretarako jokalari bat gehiago izango du Arrasatek. Izan ere, Jonas Ramalho atzelari barakaldarrak Osasunan jokatuko du denboraldia amaitu arte, Gironak utzita. Gorritxoek hura fitxatzeko aukera izango dute sasoi amaieran. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.