AEB-ak

Ocasio Cortezek esan du sexu eraso baten biktima izan zela

AEBetako kongresistak egoera traumatikotzat jo ditu iraganean jasaniko eraso hura eta urtarrileko Kapitolioaren aurkako erasoa.

Alexandria Ocasio-Cortez, artxiboko irudi batean. TOM WILLIAMS / POOL / EFE
2021eko otsailaren 2a
10:59
Entzun

AEBetako kongresista Alexandria Ocasio-Cortezek sexu eraso baten biktima izan zela adierazi du Instagram sare sozialean eginiko zuzeneko batean. Joan den urtarrilaren 6an Donald Trump presidente ohiaren jarraitzaileek Kapitolioa hartu zutenean gertatutakoaz mintzatzen ari zela eman du bere bizipenaren berri: «Bizirik atera nintzen sexu eraso batetik. Ez diot jende askori esan».

Ocasio-Cortezek adierazi du bi egoerak —sexu erasoa eta Kapitolioa hartzea— traumatikoak izan zirela berarentzat. Ez du iraganean jasaniko erasoaren gaineko xehetasunik eman, baina bai urtarrileko gertakariari buruz. Kongresistak azaldu du bere bulegoko komunean ezkutatu zela eraikina hartu zutela jakin zuenean, eta Poliziak atera zuela handik. 

Gertakariaren inguruan errepublikanoek izan duten jarrera ere salatu du, eta «abusatzaileen taktikak» erabiltzeaz akusatu ditu: «Pertsona horiek —errepublikanoek— aurrera jarraitzeko esaten digute, ez dela ezer, gertatutakoa ahaztu behar dugula, baita barkamena eskatzeko ere». Halako jarrerei planto egin behar zaiela azpimarratu du, ezin delako aurrera egin «kontuak errendatu gabe».

Ocasio-Cortez New Yorkeko 14. barrutian eskuratutako garaipenari esker da kongresista. Barruti hark, besteak beste, Bronx eta Queens auzoak hartzen ditu barnean, hiriko txiroenetako bi. Duela hiru urte iritsi zen Kongresura, hango emakume gazteena izanik. Kasu hartan, gainera, Joe Crowley alderdikideari irabazi zizkion primarioak. Hura zen Alderdi Demokrataren egituraren hautagaia. Hala, Ocasio-Cortez alderdiaren ildo ezkertiarraren aurpegi nagusietako bat bilakatu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.