Lan gatazka

ITP Castingseko langileek protestekin jarraitzen dute

Lantegiko sarrerako bidean jarri dira berriz ere, baina, atzo ez bezala, Ertzaintza ez zaie oldartu.

Gaurko protestan parte hartu duten langile batzuk. LAB
2021eko otsailaren 2a
11:07
Entzun

ITP Castingseko Barakaldako (Bizkaia) lantegiaren aurrean, ez dira atzoko irudiak errepikatu. Langileek protesta egin dute, eta, aurreko egunean bezala, errepidean kokatu dira, lantegirako bidea mozteko. Ertzaintzako furgoneta batzuk gerturatu dira, baina ez dira haiengana hurbildu, eta ez da istilurik izan. 

Atzo, poliziek hainbat lagun zauritu zituzten. Besteak beste, sudurra hautsi zioten CCOO sindikatuko industria arloko arduradunari, Javi Gomezi. Sindikatuak auzitara joko du, eta zer gertatu zen argitzeko barne ikerketa bat abiatuko duela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak.

ITP Castingsek Sestaon eta Barakaldon (Bizkaia) dituen fabriketan egindako 83 kaleratzeak salatzeko ari dira protestan langileak. Epaitegietan dago lan erregulazioa, eta hainbat mobilizazio egin dituzte azken asteetan, grebak barne. Jaurlaritzaren bitartekaritza ere eskatu dute, baina ostiralean egitekoa zuten bilkura bertan behera utzi zuen Ekonomiaren Garapeneko Sailak, lantegien sarreratan piketeek egindako «ekintza biolentoengatik eta mehatxuengatik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.