Sanferminak

Maria Txibite: «Sanferminak ezin izanen dira ospatu»

Txertaketa epeak beteko balira ere, Nafarroako lehendakariak uste du Iruñean ezin izanen dela bestarik egin, eta «arduragabekeria» litzatekeela «bete ezinezko itxaropena» piztea.

Sanferminak 2021ean ospatuko zirela iragartzen zuen zapia, Iruñeko udaletxean, 2020ko uztailaren 6ko eguerdian. IñIGO URIZ / FOKU
Iker Tubia.
2021eko otsailaren 2a
11:37
Entzun

Aurten ere, sanferminik ez. Maria Txibite Nafarroako lehendakariak aurreratu du Iruñeko bestak ezin izanen direla ospatu, nahiz eta Iruñeko Udalari dagokion antolaketa. «Asko sentitzen dut berri onik ez ematea, baina sanferminak bezalako nazioarteko bestak ezin izanen ditugu ospatu, Nafarroara milioika lagun etortzen baitira egun horietan». Gobernuaren asmoa da uda hasieran nafarren %40 eta %60 artean txertoa jarrita izatea, baina helburu hori beteta ere, besta ez litzateke salbatuko.

Nafarroako lehendakariak esan du sanferminak iruindarren identitatearen «berezko ezaugarria» direla, baina nafarrak egoeraren jabe izateko mezua zabaldu du: «Uste dut ezin izanen dela bestarik egin, eta bete ezineko itxaropena piztea arduragabekeria litzateke. Uztailera bitarte, gauza asko gerta litezke, baina oso zaila litzateke sanferminak ospatzeko aukerarik izatea».

Alkatearen haserrea

Enrique Maia Iruñeko alkateak ez ditu begi onez ikusi Txibiteren hitzak, eta esan du bere eskumena dela bestak antolatzea. Alkateak argitu du oraindik ez dutela hartu bestak bertan behera uzteko erabakia. Galdera bati erantzunez egin ditu Txibitek sanferminei buruzko adierazpenak. "Hasieran, harritu, eta asko haserretu naiz. Nola da posible lehendakariak berari ez dagokion rol bat beretzat hartzea? Ez baita bere eskumena", esan dio Maiak Europa Pressi. Hala ere, ondoren lehendakariak deitu diola esan du, eta afera "argituta" geratu dela.

Maiak onartu du egoera txarra dela, eta sanferminak ospatzea zaila izanen dela. Hala ere, ez du amore eman nahi: "Herritar guziek dakite datu hauekin oso zaila izanen dela sanferminak orain arte egiten genuen bezala ospatzea, baina gaur, otsailaren 2a, oraindik eskaileraren bigarren mailan baizik ez gaudela, eta zailtasunak zailtasun, ez dugu inolako erabakirik hartu".

Horrekin batera, argi utzi nahi izan du pandemia gainditzea dela beren helburua: "Politikari gisa, gure ardura da pandemia atzean uzteko lanean buru-belarri aritzea, sanferminen garrantzia gorabehera. Udalak lan egin behar du sektore ekonomiko guziei –ostalariei, dendariei– laguntzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.