Arte Ederren Museoa

Gustave Doreren margolan bat eskuratu du Bilboko Arte Ederren Museoak

2020an bereganatutako 399 lanetako bat da ilustratzaile frantziarraren ‘Eskaleak’ obra. Horrekin batera, Euskal Herriko hainbat artistaren sorkuntzak ere gehitu ditu bildumara: besteak beste, Itziar Okariz eta Ana Laura Alaezen zenbait obra. Erosketak edota dohaintzak izan dira, eta 85 ikusgai daude dagoeneko.

Prentsaurrekoko parte hartzaileak, Miguel Zugaza museoko zuzendriarekin —eskuinean—, Gustave Doreren obraren aurrean. FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko otsailaren 2a
13:58
Entzun

Pandemiak gehien zigortutako sektoreetako baten parte da Bilboko Arte Ederren Museoa, baina, halere, albiste positiborik ere izan du azken hilabeteetan. Izan ere, Javier Novo Kontserbazioaren eta Ikerketaren koordinatzaileak adierazi duenez, ondareari dagokionez urte «aparta» izan zen 2020a museoarentzat. Guztira, 399 lan gehitu ziren bildumara: haietatik 294 dohaintzak izan ziren, eta gainontzeko 105ak erosi egin zituzten, horietako asko Museoaren Lagunen ekarpenei esker, Novok eskertu duenez. Lanek jorratzen dituzten generoei eta diziplinei dagokienez, «aniztasuna» dagoela azpimarratu du koordinatzaileak, eta pieza horien euskarri askotarikoak aletu ditu: «Pinturak, argazkiak, ikus-entzunezkoak, soinudun artea, grabatuak, paper gainean egindako obrak...». Eskuratutakoetatik 85 bisitatu daitezke jada.

Museoak bereganatutako ehunka sorkariren artean, ordea, bat nabarmendu dute bereziki goizeko prentsaurrekoan: Gustave Doreren Eskaleak obra. Ilustratzaile gisa da ezaguna artista frantsesa, hark egin zituen 10.000 bat irudietako askok biribiltzen baitituzte, besteak beste, XIX. mendean argitaratu ziren literatur klasikoen edizio andana. Halere, margolari, eskultore eta are musikari ere jardun zuen Dorek, Jose Luis Merino Gorospe Antzinako Artearen kontserbatzaileak azaldu duenez. «Pintore gisa ez zen hain ezaguna izan, baina 150 margolan inguru egin zituen».

Artista frantsesari «kronikari sozial nabarmena» iritzi dio Merino Gorospek, eta horren adibide da museoak lortutako koadroa. Espainiara eginiko bidaia baten ondorioz sortu zuen, eta Andaluziako familia txiro bat irudikatzen du. «Aretoan presentzia izugarria du. Kolore neurtuak ditu, eta bere grabatuen teknikarekin kontrastatzen du». Gainera, bikoitza da koadroak museoari egiten dion ekarpena, kontserbatzaileak azpimarratu duenez: «Obra hau gehitzea oso garrantzitsua izan da, XIX. mendeko pintura errealistaren adibideak urriak baitziren museoan».

Euskal Herriko hainbat artista

Doreren margolana, eskuratu dutenetatik «garrantzitsuenetakoa» izateaz gain, zaharrena ere badela nabarmendu du Merino Gorospek. Izan ere, obra berrietatik asko arte garaikidea eskuratzeko programatik heldu zaizkie, eta, horien artean, ez dira gutxi artista euskal herritarrek ondutako lanak. Juan Carlos Egillor, Vicente Ameztoi, Ana Laura Alaez, Itziar Okariz, Ibon Aranbarri edota Josu Bilbao dira Arte Ederren museoko bilduma elikatu duten horietako hainbat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.