Erresuma Batuko aldaera ugaritzen ari dela eta, kezka azaldu du Sagarduik

Erietxeetan «presioa» igartzen dela adierazi du, eta datozen asteetan oso adi jarraitu beharko dela.

arantxa iraola
2021eko otsailaren 2a
16:16
Entzun

Datu berria eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Gotzone Sagarduik: Osakidetzak 109 kasu atzeman ditu Erresuma Batuan zabaldutako COVID-19aren birusaren aldaerari dagozkionak; igoera agerikoa da, eta, hazkunde hori dela kausa, kezka dute birusaren «intzidentziaren igoera» izango ote den datozen egunotan. Esan du lehengoan segitzen duela igaro asteotan kutsatzeetan izandako goraldiak, «motelaldi» baten zantzuak besterik ez dela sumatzen oraindik, eta oso «zuhur» ibili behar dela. «Zalantzaz beteko egoera batean gaude». Herrialde askotan dute birusaren aldaera horren gaineko kezka; hainbat adituren arabera, gainerakoak baino errazago zabaltzen da, eta uste dute aldaera horrekin lotuta daudela izurriak zenbait tokitan azken asteotan izandako oldarraldiak.
Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian hartu du hitza Sagarduik. Aitortu du kezkarako motiboak daudela erietxeetara begira ere: egunotan, batez beste 80 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte egunean COVID-19aren ondorioz, hamar ZIUetan. «Tentsioa» agerikoa dela adierazi du, eta zenbait erietxetan, adibidez, zenbait ebakuntza atzeratu behar dituztela: «Larriak ez diren horietako zenbait berriro ere programatzen ari dira». Hala ere, gogoratu du premia oinarrizkoenak aseta daudela oro har: «Osakidetzak behar duten guztiei arta ematen jarraituko du».

ZIUetako lekuen %44,8 oraindik erabiltzeko eran daudela esan du, baina aste zailak datozela: «Itxura guztien arabera, otsaila hilabete zaila izango da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.