Errusia

Navalniri hiru urte eta erdiko zigorra ezarri diote

Errusiako oposizioko kide ezagunari 2014an jarrita zioten zigorra indargabe utzi zuten arren, espetxean bi urte eta zortzi hilabete igaro beharko ditu orain. Epaiketan diskurtso politiko bat eman eta Putinen aurka egin du. Navalniren beste 300 jarraitzaile inguru atxilotu dituzte gaur.

Alexei Navalni gaur, Moskun, bere aurkako epaiketan. MOSCOW CITY COURT PRESS SERVICE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 2a
19:34
Entzun

Kartzela zigorra ezarri diote Alexei Navalni ekintzaileari. Hala ebatzi du gaur Moskuko epaitegi batek. Navalni, Putinen kritikoa, 2014an zigortu zuten iruzur egitea leporatuta, baina zigorra indargabe utzi zuten —orduan ere hiru urte eta erdiko espetxealdia ezarri zioten—. Atzo, ordea, indargabetze hura bertan behera uztearen alde agertu zen Errusiako Fiskaltza, Navalnik erakutsitako «portaera bidegabea» argudiatuta, eta arrazoi eman dio epaimahaiak.

Ustelkeriaren aurkako ekintzaileak lan egiten den espetxe batean bete beharko du zigorra bi urte eta zortzi hilabetez, aurrez bete zuen atxiloaldia kenduko baitiote ezarritako zigorretik. Gaurko epaiketan, diskurtso politiko bat eman du. Argi utzi du borrokan jarraituko duela, eta Vladimir Putin Errusiako presidentearen aurka egin du: «Politikari geopolitiko handia izan nahi duen arren, gehien izorratzen diona da historiara pozoitzaile bat bezala pasako dela».

Errusiako Gobernuak Polizia mordoa mobilizatu ditu Moskun eta San Petersburgon, litekeena baita Navalniren jarraitzaileek haren aldeko mobilizazioei berrekitea laster. Navalni protestan jardun dutenei ere zuzendu zaie epaiketan, eta euren babesa eskertu die: «Espero dut jendeak prozesu hau ez duela ulertuko beldurra izateko arrazoi bat bezala». Gaur ere 300 lagun atxilotu ditu Errusiako Poliziak epaiketa egin duten epaitegiaren inguruetan, OVD-Info webgunearen arabera.

Epaiketan, fiskaltzak Navalniri egotzi dio ez zuela bere kasuari buruzko zitazioetara ez azaltzeko arrazoirik, eta ez zekitela non zegoen. Ekintzaileak erantzun du Alemaniara eraman zutenean koman zegoela: «Azalduko zenidake nola bete nitzakeen nire egin beharrak? Ibiltzen ere berriz ikasi behar izan dut», adierazi dio fiskaltzari. «Putinek ere bazekien non nengoen». Bere onera itzuli zenetik, Navalnik beti erakutsi du Errusiara itzultzeko asmoa, atxilotu egingo zutela bazekien arren.

5.000 atxilotu

Herenegun, haren askatasuna eskatzeko eginiko manifestazioetan, liskarrak egon ziren manifestarien eta polizien artean, eta 5.000 lagun inguru atxilotu zituzten. Atxilotutakoen artean dago Navalniren emazte Yulia Navanaya, eta ez da lehen aldia, gainera: urtarrilaren 23an ere atzeman zuten, beste protesta batean.

Alemaniatik Errusiara itzultzean atxilotu eta prebentiboki espetxeratu zuten Navalni, urtarrilaren 17an. Izan ere, Alemanian zen bitartean, baldintzapeko askatasuna urratzeaz akusatu zuen fiskalak. Ekintzailea herrialde hartako ospitale batean artatu zuten iaz, pozoitua izan ostean; haren esanetan, Errusiako presidente Vladimir Putinen aginduz. Moskuk ukatu egin du zerikusia duenik.

Azken egunetan hainbat izan dira Navalniri babesa erakutsi dioten nazioarteko politikari eta eragileak, baina ez dirudi euren eskaria beteko denik. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buruak, adibidez, hala idatzi zuen: «Errusiako agintariek Alexei Navalni atxilotu izana gaitzesten dut. Berehala askatu behar dute, eta haren segurtasuna ziurtatu. Oposizioko politikariak atxilotzea Errusiaren nazioarteko konpromisoen aurkakoa da». AEBetako Estatu idazkari Mike Pompeok Navalni «berehala eta baldintzarik gabe» libre uzteko eskatu zuen, eta gauza bera egin zuten Frantziako eta Italiako gobernuek. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.