Italia

Mario Draghik Italian gobernu berria eratzeko ardura onartu du

Contek ez du lortu bere agintea berritzeko babes nahikoa. Mattarella presidenteak larrialdi gobernu bat eratzeko aukeratu du, eta pandemiari aurre egitea izango da haren lehentasuna.

Mario Draghi gaur goizean, ergio Mattarella Itaiako presidentearekin bildu osteko agerraldian. ROBERTO MONALDO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 3a
16:55
Entzun

Giuseppe Contek gobernu berri bat eratzeko babes nahikoa ez zuela ikusita, bi aukera zituen Sergio Mattarella Italiako presidenteak: hauteskundeak aurreratzea ala gobernu instituzional bat eratzea. Bigarrenaren alde egin du, eta Mario Draghi Europako Banku Zentraleko buru ohia hautatu du ardura horretarako. Mattarella gaur goizean bildu da Draghirekin eskaintza egiteko, eta politikari erromatarrak —73 urte ditu— onartu egin du.

«Une zaila da. Presidenteak osasun krisia dramatikoa dela gogorarazi du; pertsonen bizitzetan ondorio larriak dituela, baita ekonomian eta gizartean ere. Egoeraren tamainako erantzuna behar dugu. Itxaropen eta konpromiso horrekin erantzun diot baiezkoarekin presidentearen deiari», adierazi du Draghik, Mattarellarekin bildu ostean. Lehen ministrogaiak bere lehentasunak zerrendatu ditu: «pandemia garaitzea, txertaketa kanpaina amaitzea eta herrialdeari bultzada berri bat ematea».

Draghik Giussepe Conte aurreko lehen ministroaren tokia hartuko du parlamentuaren oniritzia jasoz gero, hark agintean jarraitzeko nahikoa babes ez duela baieztatu ostean. Mateo Renziren Italia Bizirik alderdiko bi ministro Conteren gobernutik irten ziren urtarrilaren 13an, eta, beraz, apurtu egin zen M5S 5 Izar Mugimenduak, Italia Bizirik-ek, Alderdi Demokratikoak eta Libre eta Berdinak indarrek osatzen zuten koalizio gobernua. Contek kargua utzi zuen urtarrilaren 26an, eta azken egunetako negoziazioetan gobernuburu ohiak ez du agintera itzultzeko sostengu lain eskuratu.

Orain ikusteko dago Draghik lortuko duen. Parlamentuko bi ganberen gehiengoaren onespena behar du lehen ministro izendatua izateko. «Parlamentuari errespetuz zuzenduko natzaio. Ziur naiz alderdiekin eta gizarte eragileekin hitz egin ostean presidentearen eskariari erantzutea ahalbidetuko duen batasuna azaleratuko dela». Mattarellak Draghi proposatu eta gutxira, gora egin du Italiako burtsak eta nabarmen egin du behera estatuaren arrisku sariak.

Datozen egunetan hasiko du elkarrizketa sorta alderdiekin. Babes nahikoa lortzen badu, hark aukeratzen dituen ministroek karguari zin egingo diote errepublikako presidentearen aurrean, eta Parlamentuko bi ganberen oniritzia jaso beharko dute ondoren. Gutxienez, datorren astearen amaierara arte iraungo du prozesuak bururaino heltzen bada.

Europako Banku Zentraleko buru ohiak ziurtatuta dauzka Mattarellaren babesa eta Conteren gobernua kolokan utzi zuen Renziren Italia Bizirik alderdiarena. Espero izatekoa da Alderdi Demokratikoak ere hura babestea. Oztoporik handiena M5Sk dagoeneko iragarri duen ezezkoa izango da. Conteren alderdiak du ordezkaritzarik zabalena parlamentuan. Negoziazioetarako baliagarria izango zaio orain arte alderdi batekin ere ez lerratu izana eta orain arte Italiako egoera politikoari buruz zuhurtziaz mintzatu izana.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.