Koronabirusa

Patronalek auzitara jo dute tabernen eta jatetxeen itxieraren aurka

Bizkaiko Ostalaritzaren Elkarteak, Sea-Ostalaritzak eta Gipuzkoa Ostalaritzak helegitea jarri diote eremu gorrian ostalaritza ixteko agindua jasotzen duen dekretuari.

Terraza bat jartzen, Donostiako bulebarrean. ANDONI CANELLADA / FOKU
xabier martin
2021eko otsailaren 4a
12:03
Entzun

EAEko Justizia Auzitegi Nagusian jarri dute helegitea ostalaritzako patronalek, tabernak eta jatetxeak eremu gorrian dauden ala ez kontuan hartu gabe ireki ahal izateko saialdi batean. Epaileei eskatu diete bertan behera uzteko dekretuak jasotzen duen araua, itxitako tabernak berriro irekitzeko bete behar diren baldintzen esparruan.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan koronabirus kutsatzeek abenduan eta urtarrilean izan duten eboluzioari erreparatzen dio helegiteak. Ostalariek diote urtarrileko lehen astetik aurrera abiatutako kutsatzeenĀ hazkundeak ez duela loturarik tabernak eta jatetxeak irekitzearekin; abenduaren 12an zabaldu zen ostalaritza hiru lurralde horietan. Kutsatzeak, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzak Gabonetan neurriak arindu izanarekin lotu dituzte. Herri mailako konfinamenduak, herrialdekoak eta erkidego mailakoak aipatzen ditu helegiteak. Halaber, etxeratze agindua luzatzeari eta familiak elkartzea erraztu zuten neurriei erreparatzen die idatziak.

Ireki daitezela lehenbailehen

"Errealitate hori kontuan hartuta", ostalariek uste dute dekretuak jaso behar zuela eremu gorrian sartzen diren herrietan ostalaritzak ez duela zertan itxi. Ixteko derrigortasuna ez duela jaso behar legeak, alegia. Zergatik? Ostalaritza ixteko arauan "ez dagoelako orekarikĀ sektoreari egindako kaltearen eta pandemia gerarazteko emaitzaren artean". Helegiteak dio emaitza hobea izango zutela hartu ez ziren beste neurri batzuek. Horregatik, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari eskatzen dio behien-behineanĀ dekretuaren zati hori bertan behera uzteko, auzia aztertzen duen bitartean.

Izan ere, ostalariek diote "ezinbestekoa" dela eremu gorriak ezartzen dituen mugen artetik taberna eta jatetxeen itxiera ateratzea. "Egun bat joaten den bakoitzeko, arriskua izugarri handitzen da eragindako kalteak atzera-bueltarik ez izan dezan eta ondorioak erabat suntsitzaileak izan daitezen sektorean".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.