Koronabirusaren 4.000 aldaera daude munduan, Erresuma Batuko Gobernuaren arabera

Mutazioen ugaritzeari aurre egiteko, Pfizer eta AstraZeneca enpresen dosi nahasketak frogatzen hasi dira Erresuma Batuko zientzialariak.

Erresuma Batuko zenbait herritar, Londresko autobus geltoki batean, atzean gobernuak COVID-19ari aurre egiteko diseinatu duen kontzientziazio kanpainaren iragarki bat dutela. FACUNDO ARRIZABALAGA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 4a
12:11
Entzun

SARS-CoV-2 birusaren hiru aldaera egin dira ezagunen: lehenengoz Erresuma Batuan, Brasilen eta Hego Afrikan atzeman eta ondoren hainbat herrialdetara hedatu direnak. Hasierako aldaerak baino errazago kutsatzen direla uste dute adituek. Hiru horiez gain, mutazioek birusaren milaka aldaera sortu dituzte, ordea: 4.000 inguru, Nadhim Zahawi Erresuma Batuko Osasun ministroaren esanetan. Estatu hori da azken aldaerek kalte handiena egin dietenetako bat.

Birusaren bertsioak ugaritzen ari badira ere, Zahawik lasaitasun mezu bat eman du. «Oso gertagaitza da egungo txertoak birusaren aldaera guztien gaineko eraginkortasunik ez izatea, izan Kentekoa [Erresuma Batuko konderrikoa] ala beste edozein; bereziki, gaixotasun larria eta ospitaleratzea dakartenetan». Gaineratu du ekoizle guztiak ari direla beren txertoak hobetzeko lanean, aldaera orori aurre egiteko gai izango direla bermatze aldera.

Birusak milaka bertsio dituela uste bada ere, soilik gutxi batzuek aldatu dute birusaren hasierako egitura ezaguna, Britainia Handiko Medikuntza Aldizkariaren arabera. Gainerakoak moldaketa txikiak dira, SARS-CoV-2aren portaera era esanguratsuan aldatu ez dutenak.

Mutazioen liburutegia

Osasun ministroak nabarmendu du Erresuma Batuak «genoma sekuentziaren arloan munduan den industriarik handiena» duela, munduko industriaren «%50 inguru» biltzen duena, eta «aldaera guztien liburutegia» osatzen ari direla, «udazkenean edo aurrerago birusak aurkez dezakeen edozein oztopo gainditu ahal izateko eta hurrengo txertoa ekoizteko».

Ehun biztanleko txerto dosi gehien banatu duten estatuetan hirugarrena da Erresuma Batua (0,61), Israelen eta Arabiar Emirerri Batuen atzetik —1,39 eta 1,16 hurrenez hurren—. Londresek txertatze kanpaina azkartzeko ahaleginetan jarraitzen du. Eguneko dosien marka berria ezarri zuen astelehenean, 600.000 dosiren kopurua gaindituta.

Txertoa hartzen dutenen immunitatea hobetzeko probetan ere ari da, eta bide berri bat urratzen hasi da gaur, Pfizer-BioNTech eta Oxford-AstraZeneca enpresen dosien nahasketekin esperimentatzen hasi baita Oxfordeko Unibertsitatea, bi txertoen arteko konbinazioak zenbateko immunitatea sortzen duen aztertzeko. Jakin nahi dute ea lehen eta bigarren dosian enpresa desberdinen txertoak gurutzatuta erantzun immunologiko hobea, berbera ala okerragoa lortzen den bi dosi berdin erabilita baino.

Ikerketak erantzun immunologikoa aztertuko du lehenengo Pfizer-BioNTech konpainien txertoa eta ondoren Oxford-AstraZenecarena hartzen duten pertsonen artean, eta biak kontrako ordenan jasotzen dituztenengan. Gobernuak boluntario gehiago lortzeko deialdia egin du. Helburua da 820 herritarrekin egitea proba; guztiek 50 urtetik gorakoak izan behar dute, eta oraindik txertorik hartu gabekoak.
Mota horretako lehen ikerketa da munduan, eta Erresuma Batuko Gobernuak finantzatuko du. «Izugarri garrantzitsua» dela uste du Londresek.

Ingalaterrako Osasun Publikoak txertaketetarako duen gidaliburuak jada jasotzen du ezen, bigarren dosia hartu behar duen herritar batek lehenengoan hartu  duen bera jasotzerik ez badu —une horretan halakorik eskuragarri ez dagoelako—, aukera izango dutela beste ekoizle baten dosia jasotzeko.

Dosi nahasketekin lanean dabilen Oxfordeko Unibertsitateko zientzialari taldeak azaldu du proba horien emaitzek onurak ekar ditzakeela Erresuma Batura, baina baita mundu osora ere. Adierazi dutenez, ikerketa lagungarri izango da argitzeko bide hori onuragarri ote den txertoak munduan malgutasun handiagoz banatzeko. «Ikusten badugu txerto hauek trukagarriak direla, horrek nabarmen handituko du txertoak banatzeko malgutasuna, eta zantzuak eskaini ditzake birus aldaera berrien kontrako babesa nola handitu jakiteko», azaldu du Matthew Snape Oxfrodeko Unibertsitateko irakasle eta ikerlariak.

Ikerketa hurrengo lau hilabeteetan egitea aurreikusten dute, eta ekainerako espero dituzte proben emaitzak eta horietan oinarritutako ondorioak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.