Matxismoa

Olinpiar Jokoetako zuzendariak barkamena eskatu du iruzkin matxistak egiteagatik

Yoshiro Mori Japoniako Batzorde Olinpikoko presidentearen ustez, aurrerantzean batzordearen bilerak luzeagoak izango dira, «emakume batek hitz egiten duenean, beste guztiek ere hala egin nahi izaten dutelako». Haren dimisioa eskatu dute.

Yoshiro Mori Japoniako Batzorde Olinpikoko presidentea, gaur. KIM KYUNG-HOON / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 4a
17:38
Entzun

Japoniako Olinpiar Batzordearen bilera batean izan zen, atzo. Gaur egun, batzorde horretako kideen %20 dira emakumezkoak, eta, kopuru hori %40ra igotzeko helburuaz ari zirenean, Yoshiro Mori presidenteak hitza hartu zuen. Lehenik, kritikatu egin zuen Japoniako Hezkuntza Ministerioak neurri hori ezartzeko izan duen «kasketaldia», eta, ondoren, iruzkin matxistak egin zituen: «Zenbat eta emakume gehiago egon, orduan eta luzeagoak izaten dira bilerak».

Izan ere, Moriren arabera, «emakume guztiek lehiaren sen handia» dute: «Batek hitz egiten badu, beste guztiek ere hala egin nahi izaten dute. Azkenean, emakume guztiek hartu nahi izaten dute parte», amaitu zuen. Asahi egunkariak argitaratu zuenez, batzordeko hainbat kidek barre artean hartu zituzten Moriren iruzkinak.

Morik, ordea, kritika gogorrak jaso ditu esan zituen hitzak argitaratu osteko orduetan. Japoniako sare sozialetan bolo-bolo dabiltza haren dimisioa eskatzen duten etiketak, eta eskari bera egin dute Japoniako oposizioko alderdiek ere.

Gaur, azkenean, barkamena eskatu du batzordeko presidenteak: «Ez nuen emakumeak gutxiesteko inongo asmorik». Ez hori bakarrik: ez du baztertu Japoniako Olinpiar Batzordeko presidente kargua uzteko aukera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.