Enpresak

Alstomek erretiratu egin du Bombardierrek CAFekin Parisen egindako eskaintza garailea

CAFek eta Bombardierrek 146 aldiriko egiteko 2.560 milioi euroko kontratua irabazi zuten urtarrilaren 14an. Urtarrilaren 29az geroztik ofizialki Alstomena da Bombardierren garraio atala. Kontratua esleitu duten bezeroak, RATP eta SNCF, prest daude Alstom auzibidera eramateko. 

Bombardierreko langileak tren batean lanean, Bautzenen (Alemania). FILIP SINGER / EFE
Irune Lasa.
2021eko otsailaren 4a
20:52
Entzun

Hautsak harrotuko dituen erabaki baten berri eman du gaur arratsaldean Alstom konpainia frantziarrak: Bombardier kanadarrak CAFekin egindako eskaintza bat bertan behera utzi du, Parisen 2.560 milioi euroko kontratua irabazi zuen eskaintza. Dirudienez, badauka hori egiteko gaitasuna, izan ere, oraintsu arte lehiakide zuen Bombardier konpainiaren garraio atala orain, joan den asteaz geroztik, Alstomena da.

CAF euskal konpainiak eta Bombardierrek urtarrilaren 14ean irabazi zuten elkarrekin RATPk (Parisko garraio publikoaren kudeatzaileak) eta SNCFk deitutako lehiaketa, 146 aldiriko tren egiteko, Frantziako hiriburuko iparraldea eta hegoaldea eta haren aireportuak lotzen dituen RER B linearako. Zurrumurruen arabera, Alstomen eskaintza galtzailea 500-600 milioi euro garestiagoa zen.

Lehiaketaren emaitza erabakita, 11 eguneko epea zabaltzen zen kontratuaren sinadurarako, baina ez da sinadurarik izan, Alstom galtzaileak helegiteak aurkeztu zituelako Parisko Administrazio Auzitegian, RATPren eta SNCFren haserrerako. Eta bitartean Alstomek Bombardierren garraio atala eskuratu du ofizialki (5.500 milioi euroko operazio baten ostean). Eta orain, konpainia frantziarrak erretiratu egin du eskaintza irabazlea, auzitegiek helegiteari buruzko lehen ebazpena eman behar zuten egunaren bezperan.

Alstomek esan du ez duela beste aukerarik. «Bombardier-CAF partzuergoak eskaintzako baldintza tekniko-finantzarioak ez datoz merkatuko prezioarekin bat, eta ez dute kontratua betetzen uzten arrisku garrantzitsurik izan gabe finantzatzailearentzat, ustiatzailearentzat, bidaiarientzat eta gure enpresarentzat».

Alstomek azaldu du esleipen horren gainean kanpotik eta barnetik egindako auditorietan desadostasunak antzeman dituztela, zeintzuek eraman beharko zuten RATP uko egitera Bombardier-CAFen eskaintzari.

Bezeroak, haserre

CAFen eta Bombardierren kontratua esleitu zuten RATP eta SNCF ez daude batere pozik Alstomen jokaldiarekin. Konpainia frantziarrak eskaintza erretiratzen zuela jakinarazi eta gutxira, 2.650 milioi euroko kontratuaren bezeroek agiri batean «gogor salatu» dute Alstomen erabakia, eta adierazi dute Alstom-Bombardierren kontra «auzibidera jotzeko prest» daudela, Bombardierrek eta CAFek «eskaintza aurkezterakoan» konpromisoa hartu zutelako. 

Egunak zeramatzan Alstomek eskaintza eta kontratua auzitan jartzen. Atzo, asteazkenez, Henri Poupart-Lafarge Alstomeko kontseilari ordezkariak adierazi zuen beldur zirela, «diru asko» gal zezaketela «gaizki landutako» kontratuarekin. Eta gaur ostegunez Le Figaro egunkariari emandako elkarrizketan «egiazkoa izateko onegia» dela esan du, Bombardierrek eta CAFek egindako eskaintzaz. «Arrazoizkoa ez duen erasokortasuna dauka kostuetan».

«Baldintza hauek onartuz gero, seguru oso bezero zorrotza den RATPek dena berriz egiteko eskatuko ligukeela, eta atzerapenengatik zigortu». Alstomeko buruzagiaren arabera, oraindik aukera dago kontratuaren finantza baldintzak berriz negoziatzeko, hots, prezio garestiagoa ezartzeko trenengatik.

Bezeroak, hori bai, ez daude oso konforme Alstomen jarrerarekin. Oraingoz ez dute ezer esan eskaintza bertan behera uzteko erabakiaz, baina behin baino gehiagotan salatu dute Alstomen jarrera «obstrukzionista». Ile-de-Franceko presidente Valerie Pecressek goizean bertan eskatu dio Alstomi «uzteko bere eskandaluzko jarrera obstrukzionista» eta «betetzeko emandako hitza».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.