Urkulluk irmo defendatu du Sagardui

Txertaketen auzian Osasun sailburuak «egia osoa» esan duela nabarmendu du lehendakariak Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduren eta Elkarrekin Podemos-IUk egindako galderei erantzunez

Urkullu eta Sagardui legebiltzarreko korridoreetan, joan den abenduan. DAVID AGUILAR / EFE
Igor Susaeta.
2021eko otsailaren 5a
10:56
Entzun

Iñigo Urkulluren hitzetan, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak «azkar, sendo eta gardentasunez» jokatu du Basurtu eta Santa Marina ospitaleetan (Bizkaia) egindako txertaketen auzia kudeatzeko orduan. Lehendakariari iruditzen zaio Sagarduik «egia osoa» esan duela azalpenak eman dituen bakoitzean, eta, horrenbestez, ez dagoela hura kargutik kentzeko motiborik. Irmo defendatu du Osasun sailburuaren jokabidea Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduren eta EP Elkarrekin Podemos-IUren galderei erantzunez, urteko lehen kontrol saioan.

Rebeka Uberaren (EH Bildu), esanetan, Osakidetzaren izena «zikinduta» dago oposizioen auzia azaleratu zenetik, eta uste du ezin dela EAEko osasun zerbitzua «lurperatzen» jarraitu «egia erdiekin edo gezurrekin». Adierazi du Basurtuko eta Santa Marinako txertaketak baimendu zituztenek «erantzukizunak» onartu behar dituztela. Pentsatzen du Sagarduik «inhabilitatua» egon beharko zukeela legebiltzarrean «gezurra» esan zuen momentutik. «Gauza guztiekin egiten duzuen bezala, ezin dira txertoak kudeatu zuenak izango balira bezala», leporatu dio legebiltzarkide independentistak lehendakariari.

Urkulluk, ordea, Sagarduik auziaz hitz egiteko egindako bi agerraldiak gogoratu ditu —urtarrilaren 20an eta 27an—, eta nabarmendu «arazoen berri» eduki eta «berehala» hartu zituela «erabakiak». Defendatu du erreakzioa «berehalakoa, irmoa eta eredugarria» izan zela. Bai horregatik, bai «egia» esan zuelako, Urkulluk Sagardui defendatu du. Gainera, oposizioaren «akusazio faltsuak» arbuiatu ditu.

Miren Gorrotxategirentzat (EP-IU), txertaketa protokoloa «larriki» hautsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta «erantzukizun politikorik» hartu nahi ez izatea egotzi dio lehendakariari. Aurpegiratu dio, gainera, txertaketen auzian gertatutakoa «kale istiluak» lehen lerrora ekarriz estali nahi izatea. «Ke lainoak dira. Ez denez hitz egin nahi eragiten diguten gauzez...». EAJko kideak «legez kanpo» txertatzea —EAJko kide ezagunak dira Eduardo Maiz Basurtuko zuzendaria eta Jose Luis Sabas Santa Marinakoa— «klientelismoa» da EP-IUren bozeramailearentzat, eta «zalantza» du ea Eusko Jaurlaritzako kideren bati ere txertoa jarri ote dioten.

Lehendakariak erantzun dio EAJko «bi» kidek hartu dutela txertoa, eta badakitela berriro gerta litezkeela irregulartasunak txertaketa prozesuan. «Ezin dugu bermatu halakorik ez gertatzea. Baina bermatu dezakegu huts egiteak badaude erreakzioa berehalakoa, irmoa eta gardena izango dela, eta erantzukizunak argituko direla».

Tasa 60 kasura jaistea helburu

EAJko parlamentari Luis Javier Telleriak galdetu dio Urkulluri ea zer ikuspegi helaraz diezaiokeen euskal gizarteari pandemiaz, eta lehendakariak erantzun du Jaurlaritzaren helburuak direla txertaketa estrategiarekin jarraitzea, eta kutsatze tasa 100.000 biztanleko 60 kasura jaistea. Dena den, lehen helburua da tasa hori 500 kasutik behera apaltzea. Une honetan 654 kasukoa da.

Haren arabera, Jaurlaritzaren kudeaketarengatik saihestu ahal izan da etxeko beste itxialdi bat, osasun sistemaren «kolapsoa», hezkuntza zentroen itxiera eta «koma ekonomikoa», eta azpimarratu du datozen hilabeteetako garapena bi aldagaik baldintzatuko dutela: batetik, birusaren Erresuma Batuko aldaerak; eta, bestetik, txertaketa prozesuak. Adierazi du azken horren ekoizpen eta banaketa prozesuak «zalantza asko» eragiten dituela. «Txertaketa da oinarria pandemiaren aurkako borrokan. Hala da, eta izango da», adierazi du, nolanahi ere. Eta ziurtatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bete egingo direla «txertaketa helburuak».

 

(albistea osatzen ari gara)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.