Espainiako Kopa

Athleticek Levante izango du aurkari finalerdietan

Bi partidara jokatuko dira finalerdiak, otsailaren 10ean eta martxoaren 3an. Joanekoa San Mamesen jokatuko dute, eta itzulikoa, Ciutat de Valencia futbol zelaian.

Unai Simon atzo, Juanmiren penalti jaurtiketa geratzen, Betisen hirugarrena. JULIO MUñOZ, EFE
jon ordonez garmendia
2021eko otsailaren 5a
12:33
Entzun

Athleticek Levante izango du aurkari Espainiako Kopako finalerdietan. Gaur egin dute zozketa, Madrilen, eta Aritz Aduriz aurrelari zuri-gorri ohiak atera ditu saskitik kanporaketak jokatuko dituzten lau taldeen izenak: Levante egokitu zaio Athletici. Orain arteko kanporaketak ez bezala, finalerdiak bi partidara jokatuko dira. Joanekoa asteazkenean jokatuko du Athleticek, Bilbon, eta itzulikoa, hiru aste geroago, martxoaren 3an, Valentzian, Ciutat de Valencia futbol zelaian. Sailkatuz gero, finala apirilaren 17an jokatuko luke, baina aurretik iazko Kopako finala jokatu beharko du, Realaren aurka, apirilaren 3an. Bi finalak, iazkoa eta aurtengoa, Sevillan dira jokatzekoak, Cartuja futbol zelaian.

Sevillak eta Bartzelonak jokatuko dute beste finalerdia. Bada, ordea, beste aldagai bat txapelketa erabaki dezakeena. Espainiako Futbol Federazioak aintzat hartu du COVID-19aren eragina aurtengo txapelketaren oinarriak idazterakoan. Talderen batek ezingo balitu finalerdiak jokatu koronabirusaren eraginez, eta beste kanporaketa jokatuko balitz, koronabirusaren eraginpean dagoen taldea kalean geratuko litzateke, eta haren aurkariak jokatuko luke finala, beste kanporaketako irabazlearen aurka.

Bi kanporaketak geratzen badira bertan behera, eta ezin badira jokatu ekainaren 30a baino lehen, txapelketa bertan behera geratuko da. Ez, ordea, finala bada bertan behera geratzen dena. Hori gertatuz gero, datorren denboraldian jokatuko litzateke, hurrengo finalaren aurretik betiere.

Athleticek eta Levantek, ozta-ozta

Athleticek ozta-ozta lortu zuen atzo finalerdietarako sailkatzea. Betisen aurka jokatu zuen, eta espainiarrak 84. minutuan aurreratu ziren. Raul Garciak, ordea, luzapenean berdindu zuen kanporaketa, eta, azkenean, penaltietan erabaki zen. Unai Simonek bi geratu zituen, eta finalerdietan sartu zuen Athletic.

Levantek ere azken unean lortu zuen asteazkenean finalerdietarako sailkatzea. Vila-realen aurka jokatu zuen final-laurdenekoa, eta luzapenaren azken minutuan sartu finalerdietara iristeko zion gola: Roger Martik sartu zuen, 121. minutuan, eta 1-0ekoarekin sailkatu da. Azkenekoz 1935ean izan zen Levante Espainiako Kopako finalerdietan; orduan, Errepublikako Presidentearen Kopa zuen izena.

Kanporaketa horretako irabazleak Sevilla edo Bartzelona izango du aurkari finalean. Joaneko partida Sevillan jokatuko dute bi horiek, eta itzulikoa, Bartzelonan. Bartzelonak Granada hartu du mendean aste honetan final-laurdenetan, 3-5, eta Sevilla 0-1 gailendu zaio Almeriari. Bartzelonak 30 aldiz irabazi du Espainiako Kopa; Athleticek, 23 aldiz; eta Sevillak, bost aldiz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.