Kaleratzeak

ITP Castingseko langileek greba utziko dute astelehenean, «borroka fase berri batean sartzeko»

Lan Ikuskaritzaren txostena «kaleratzeen aurka» agertu dela esan dute langileek, eta «ez direla beharrezkoak» dioela

ITP Castingseko langileen manifestazio bat. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko otsailaren 5a
13:39
Entzun

ITP Castingseko langileek —lehen PCB zen— astelehenean utziko dute greba mugagabea. 70 egun dira lanuzteekin hasi zirela, enpresako zuzendaritzak erregulazio espedientea egiteko asmoen berri eman zuenetik. Gerora etorri ziren 83 kaleratzeak, eta langileek greban jarraitu zuten. Orain, baina, «borroka fase berri batean sartzeko» asmoa plazaratu du langile batzordeak. Azken asteetan Ezkerraldean, eta handik haratago sortu diren «aliantzak» indartu nahi dituzte kaleratzeak eragozteko. Azken egunetan, sindikatuez gain, hainbat udal agertu dira ITPren erabakiaren zain, baita Bizkaiko Batzar Nagusiak ere.

Langileen jarrera aldaketak beste oinarri bat du: Lan Ikuskaritzak kasuaren inguruan eginiko txostena. Batzordearen arabera, ikuskaritza «erregulazio espedientaren aurka» agertu da. Txostenean esan du kaleratzeak ez direla beharrezkoak, eta «beste bide batzuk badaudela». Ondorio horietan oinarrituta, batzordeak bi bilera egin ditu enpresarekin, eta bietan, betiere batzordearen arabera, enpresak «kaleratzeei buruz» baino ez du eztabaidatu nahi izan. Hori dela eta, negoziatzeko borondaterik ez izatea egotzi diote. Erregulazioa auzitara eramana dute sindikatuek, eta «itxaropentsu» daudela esan dute.

Langile batzordeko kideek, grebak iraun duen bitartean, eserialdiak egin dituzte lantegiaren sarreran, greban ez zeuden langileei sartzea oztopatuz. Aste hasieran, baina, protestaldien tentsioa handitu egin zen; langileen aburuz, Ertzaintzak oldarkorrago jokatu zuelako. «Ertzainek egunero jipoitu dituzten horien beraien lanpostuak defendatzen» ari ziren langileak zirela azaldu dute. Hainbat zauritu txosten dituzte, tartean sudurra hautsi zioten CCOOko Industria Federazioko idazkariarena.

Ironiaz egin diote kritika Jaurlaritzari. Langileek nabarmendu dute Segurtasun Sailaren «eraginkorra» izan dela baina ezin dutela gauza bera esan Industria Sailaz. Salatu dute Industria Sailak bi aldiz uko egin ziola beraiekin biltzeari, «inolako oinarririk gabeko aitzakiak jarrita». Jakina da bietako batean behintzat grebalariak protestetan indarkeria erabiltzen ari zirelako egin ziola uko Industria Sailak bilerari.

Batzordeak, halaber, gogoratu du Eusko Jaurlaritzak ITP eta beste enpresa batzuk diruz lagundu zituela, «trukean ezer eskatu gabe». ITP taldeak 983 milioi euroren sarrerak izan zituen 2019an, eta 105 milioi euroko EBITDA. Irabazi garbia, berriz, 95 milioi izan zen. Datu horiekin enpresa aldi baterako espediente bat bere gain hartzeko moduan dagoela uste dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.