Beiruteko leherketa

Beiruteko portua, leherketa gertatu eta sei hilabetera

Sei hilabete pasatu dira Libanoko hiriburuko lehergailu biltegi batean leherketa izugarri bat gertatu zenetik. Gaur egun portua nola dagoen erakusten duten irudiak grabatu dituzte, eta agintariak ere plan ugari zehazten hasi dira esparru hori berreraikitzeko.

Nagore Arin.
2021eko otsailaren 5a
14:47
Entzun

Sei hilabete dira Beiruteko portuan leherketa ikusgarri bat gertatu zela. Libanoko hiriburuko portuko lehergailu biltegi batean izan zen leherketa, eta jazoera hark dardarka jarri zuen Beirut. Inguruko eraikin, kale eta txoko ugari suntsitu zituen, eta, leherketa bizi izan zuten hainbat lekukoren arabera, portutik hainbat kilometrora ere sumatu zen eztanda. Sei hilabeteren ondoren, gaur egun portua nola dagoen erakusten duten irudiak grabatu dituzte, eta agintariak ere plan ugari zehazten hasi dira esparru hori berreraikitzeko. Guztira, 200 hildako eta 6.500 zauritu inguru eragin zituen leherketa hark, eta bi asteko larrialdi egoera ezarri zuten. Egitasmo batzuen arabera, memoria kolektiborako parke bihurtu nahi dute.

Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, 425 eta 520 milioi dolar bitartean kostatuko da, gutxi gorabehera, berreraikitze plan hori; izan ere, oraindik ere zulo handi bat ikus daiteke abuztuaren 4ko leherketaren lekuan. Bassem Kaissi portuko zuendariak EFE agentziari esan dionez, desegin aurretik ere bazegoen instalazioak modernizatzeko plan bat, eta, eztandaren ondorioz, agintariek "birdiseinatu eta berregituratu" egin behar dute orain. Hondamendi hura gertatu ondoren izendatu zuten Kaissi portuko zuzendari, postu horretan zegoena atxilotu egin baitzuten tragediaren erantzule izan zela leporatuta. Etxeko atxiloaldia ezarri zieten Beiruteko Portuko Agintaritzako kideei, hango biltegi batean sei urtez gordetako 2.750 tona amonio nitrato baitaude leherketaren atzean. Halaber, Hasan Diab Libanoko lehen ministroak dimisio gutuna aurkeztu zuen gertatutako ezbeharraren ondorioz.

Zer gertatu zen ahantz ez dadin

Memoria kolektiborako parke bihurtzeko proiektuaren harira "plan maisuaren" proiektu bakoitza diseinatzeko lizitazioak egingo dituztela adierazi du Kaissik, eta dagoeneko badagoela "aldi baterako monumentu" bat eraikitzeko arkitekto baten plan bat. Proiektu horietako proposamen sendoenetako bat Carlos Mubarak arkitekto libanoarrarena da: herritarren artean iritziak bildu, eta bere proiektu hori herritarrekin, biktimekin eta haien senideekin elkarlanean egin nahi du, haien iritziak ere kontuan hartuta. "Garai historiko bat da, gertaera historiko bat, inoiz izan diren leherketarik handienen artean historikoa, eta hori bakarra da historian; beraz, bere handitasunarekin bat datorren zerbait egin behar da", azaldu du arkitektoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.