Errusia-EB

Borrellek Navalni askatzeko eskatu du, eta Errusiak Kataluniako espetxeratuen auzia gogorarazi dio

Moskun bildu dira Europako Batasuneko diplomaziaburua eta Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroa. Lavrovek Espainiak jaso duen tratu bera nahi dutela esan du: «Madrilek bere justizia sistema errespetatzeko eskatu du, eta bere erabakiak zalantzan ez jartzeko».

Borrel eta Lavrov, Moskun, gaur egin duten agerraldian. ERRUSIAKO GOBERNUA / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko otsailaren 5a
16:01
Entzun

Eskaera argia egin dio gaur Josep Borrell Europako Batasuneko diplomaziaburuak Sergei Lavrov Errusiako Atzerri ministroari: Alexei Navalni Errusiako oposizioko kide ezaguna aske uzteko esan dio, baita azken asteetan atxilotutako haren jarraitzaileak ere. Lavrov, ordea, ez da kikildu, eta «arrazoi politikoak dituzten erabaki judizialak» egotzi dizkio Borrelli; tartean, «azkenaldian Europako Batasunean eta Ameriketako Estatu Batuetan bizitako gehiegikeria polizialak», eta preso dauden Kataluniako buruzagi subiranisten kasua.

Borrell kargua hartu zuenetik lehen aldiz joan da Moskura. Han bildu da Lavrovekin, eta, jarraian, hedabideei esan die espero duela Errusiak «ikerketa independente eta oso bat» egingo duela Navalniren pozoiketaren inguruan. Navalniren esanetan, Errusiako presidente Vladimir Putinen aginduz pozoitu zuten, joan den udan, baina Moskuk ukatu egin du zerikusia duela. Putinen kritikoa asteartean kondenatu zuten hiru urte eta erdiko kartzela zigorra betetzera, iruzur egitea leporatuta.

Borrellek eta Lavrovek Navalniren kasuari buruz htz egin dute gaurko bileran. Borrellek azpimarratu du EBk errespetatzen duela Errusiaren subiranotasuna eta nazioarteko betebeharrekin duen konpromisoa, baina gehitu du askatasun politikoekin eta giza eskubideekin lotutako gaiak garrantzitsuak direla EB eta Errusiaren arteko harremanak hobetzeko.

Lavrovek, berriz, Kataluniako buruzagi subiranisten kasuaz jardun du: «Erreferendum bat antolatzeagatik daude kartzelan. Belgikako eta Alemaniako epaitegiek erabaki horren aurka egin dute, baina, hala ere, ez du atzera egin Espainiak». Errusiak Espainiak jaso duen tratu bera nahi duela esateko gogoratu du kasu hori Atzerri ministroak. «Madrilek bere justizia sistema errespetatzeko eskatu du, eta haren erabakiak zalantzan ez jartzeko. Hori nahi dugu guk ere, berdintasuna», amaitu du Lavrovek.

Navalniri dagokionez, beste behin ere zalantzan jarri du haren pozoiketa: esan du Moskuk ez zuela zerikusirik izan, eta kritikatu egin du «Mendebaldeko hedabideek» halako kasuak zabaltzerakoan duten «estandar mediatiko bikoitza». 

Ez da hor bukatu ika-mika. Borrellek onartu du EBn eta AEBetan ere badaudela Poliziaren indarkeria kasuak, baina azaldu du haietan «gauzak behar den tokian jarri eta ardurak eskatzeko» baliabideak dituztela: «Zuzenbide estatu indartsu bat izatearen abantailak dira».

«Mendebaldearen histeria»

Alemaniatik Errusiara itzultzean, atxilotu eta behin-behinean espetxeratu zuten Navalni, urtarrilaren 17an. Izan ere, Alemanian zen bitartean baldintzapeko askapena urratzeaz akusatu zuen fiskalak, eta, azkenan, hiru urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri zioten joan den asteartean. Navalni itzuli zenetik, protestak eta liskarrak izan dira herrialdean, eta milaka lagun atxilotu dituzte; tartean, Navalniren emazte Yulia Navanaya. 

EBko eta AEBetako buruzagi politiko gehienek hitz egin dute azken astean, Navalni aske utz dezatela eskatzeko. Moskuk, ordea, gaitzetsi egin du «Mendebaldearen histeria».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.