Libia

Libian trantsizio gobernua eratu dute, abenduaren 24ko bozak antolatzeko

Libiako Elkarrizketa Politikorako Foroak bigarren itzulian hautatu ditu Presidentetza Kontseilua osatuko duten hiru kideak eta herrialdeko lehen ministroa. Abenduaren 24an egingo dituzte bozak.

Elkarrizketa Politikorako Libiako Foroko zenbait kide Tunisian, iazko azaroan. MOHAMED MESSARA, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2021eko otsailaren 5a
16:21
Entzun

Urteetako gatazka armatua amaitzeko beste urrats bat egin dute gaur Libian. 2014tik gerran diren aldeek trantsizio gobernu bat izendatu dute. Herrialdean hauteskundeak antolatzea izango da gobernu horren egiteko nagusia, ondoren Libiako lurralde osoan erakunde bateratuak eratzeko.

NBE Nazio Batuen Erakundearen babesean sortu den Libiako Elkarrizketa Politikorako Foroak hautatuak ditu trantsizio gobernua osatuko duten kideak: Presidentetza Kontseiluko hiru kideak eta Libiako lehen ministroa. Mohammad Yunes Menfi izango da kontseiluko presidentea, eta Mossa al-Koni eta Abdullah Hussein al-Lafi presidenteordeak. Lehen ministroaren kargurako, berriz, Abdul Hamid Mohammed Dbeibah aukeratu dute.

Lau zerrenda aurkeztu dituzte gobernurako hautagai, Genevan (Suitza) egin den bozketan. Bigarren itzulian hautatu dute irabazlea, lehenengoan batek ere ez baitu lortu %60ko babesa. Bigarren bozketan, Yunes Menfik gidatutako zerrenda gailendu zaio askoren iritziz faboritoa zenari: Aqila Saleh buru zuen zerrendari. Saleh Tobrukeko Parlamentuko burua da. Hau da, Tripolin egoitza duen eta NBEren aitortza izan duen GNA Batasun Nazionaleko Gobernuarekin etsaituta egon den aldekoa.

Zerrendak osatzeko garaian, ezinbesteko baldintza izan da hautagai multzo bakoitzak elkarrizketa foroko 17 kideren babesa jasotzea —75 dira guztira—, eta horiek Libiako hiru eskualdeetako ordezkarienak izatea: mendebaldeko zortzi boto, ekialdeko sei eta hegoaldeko hiru.

Ezegonkortasun hamarkada bat

Munduko petrolio ekoizle handienetakoa den herrialdea indarkeria zurrunbilo batean murgilduta egon da 2011az geroztik. Urte horretan, Muammar Gaddafi boteretik kendu eta hil zuen altxamendu batek. Matxinadak NATOren babesa izan zuen, haren esku hartze zuzenarekin. Gaddafiren ostean ez da izan herrialdean botere politiko zentralizatu eta iraunkorrik, eta talde armatuen arteko gatazkek egoera nahasian izan dute herrialdea.

Libiako lurraldea bitan zatituta gelditu zen 2014an: mendebaldea Tripoliko GNAren menpe, eta ekialdea Trobukeko aginteari lotutako LNA Libiako Armada Nazionalaren esku, Khalifa Haftar militarra buru.

Atzerriko eragileek ere esku hartu dute gatazkan, aldeak armekin hornituta ala mertzenarioak frontera bidalita. GNAk Turkia izan du aliatu, eta ekialdearen aldeko jarrera hartu dute Errusiak, Egiptok eta Arabiar Emirerri Batuek.

Irtenbide negoziatu baterako aukerarentzako bidea egingarriagoa bihurtu zuen su-eten iragarpenak, iazko urrian. Hurrengo hilabetean, lehen elkarrizketa sorta egin zuen Elkarrizketa Politikorako Libiako Foroak Tunisen, eta Libian «hauteskunde aske, garbi, barneratzaile eta sinesgarriak» antolatzeko akordioa lortu zuten. Bozak abenduaren 24an dira egitekoak. Parlamentua eta presidentea hautatuko dituzte. Hauteskundeen helburua da horien bidez Libia osorako estatu erakunde bateratzaileak sortzea, eta lurraldea aginte bakarraren pean batzea.

Hauteskundeak antolatzeaz gain, trantsizio gobernuak izango du bestelako erronkarik, ordea. Geroz eta hondatuago dauden zerbitzu publikoak hobetzea eta ustelkeriaren kontrako neurriak hartzea gizartean oso zabalduta dauden bi eskari dira, bai ekialdean nahiz mendebaldean. Hain justu, arrazoi horiengatik piztu zen azken protesta oldea Libian, iazko udan. Gainera, hilaren 17an hamar urte beteko dira Gaddafiren kontrako matxinada piztu zela, Tunisian lehertu zen Udaberri Arabiarraren beroan, erreforma ekonomikoak eta sozialak eskatzeko manifestazio jendetsuekin.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.