Bankuak

Kutxabankek 27 milioi euro banatuko ditu dibidendutan 2020ko emaitzen kontura

EBZtik dibidenduak banatzeko baimena jaso du Kutxabankek, baina gehienera soilik irabazien %15 bana ditzake. Horrek eragin zuzena izango du banku fundazioen sarreretan. 27 milioi euroen %57 joango dira BBKra, %32 Kutxara, eta %11 Vitalera. 

BBK, Kutxa eta Vital banku fundazioak dira Kutxabankek akziodunak. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Irune Lasa.
2021eko otsailaren 5a
16:23
Entzun

2020ko ekitaldiko mozkinen konturako dibidendutan BBKren, Kutxaren eta Vitalen artean 27 milioi euro banatzea erabaki du gaur Kutxabanken Akziodunen Batzorde Nagusiak. Euroguneko banku guztiek bezala, Kutxabankek hainbat hilabetez galarazia izan du dibidenduak banatzea; orain lortu du kopuru mugatu bat partitzeko Europako Banku Zentralaren oniritzia, eta iazko irabazietatik zenbat banatuko duen zehaztu du.

EBZk gehienera irabazien %15 banatzea baimentzen die kapital sendotasuneko baldintzak betetzen dituzten euroguneko bankuei, zeintzuek banaka jaso duten baimena. Oniritzirik jaso ez edota eskatu ez duten bankuek debekatuta dute dibidendurik banatzea edota akziorik berrerostea.

Printzipioz urrian erabakiko du EBZk %15eko muga kenduko duen. Hala bada, eta dibidenduak partitzeko debekua erabat indargabetzen bada, orduan banatu ahal izango ditu Kutxabankek 2019ko dibidenduetatik banatu gabe gelditutako 42,5 milioi euroak. Eta baita gaurko 27 milioi euroez gain akziodunen artean 2020ko emaitzetatik banatzea hobesten duen kopurua ere.

Zergatik galarazi zituen dibidenduak EBZk?

Koronabirusak zekarrena ikusita, EBZk nahi zuen euroguneko bankuak gai izatea galerei aurre egiteko eta ekonomiari sostengua emateko. Bankuek zuhur jokatzea nahi zuen, beren kapital ratioak sendotu zitzatela, ordaindu ezineko kredituen olatu bat iristeko arriskua handia zelako.

Horretarako, banku zentralak gomendioa egin zuen 2020ko martxoren 27an, bankuei praktikoki galaraziz dibidenduak banatzea eta akzioak berrerostea. Bankuen atsekaberako, urrira artekoa zen «gomendioa» 2020. urtearen bukaerara arte luzatu zuen EBZk uztailean.

Nori eragin dio?

Banku bakoitzari desberdin eragin dio neurriak. Entitateetako batzuek 2019ko dibidendu guztiak banatuak zituzten 2020ko martxoaren aurretik; batzuen dibidenduen zati bat banatu gabe geratu zen; eta beste batzuek ez zuten tarterik izan aurretik dibidendurik banatzeko, eta, ondorioz, iazko urte osoan ez dute aukerarik izan diru horiek banatzeko edo eta akzioak berrerosteko.

Bankuak, hori bai, oro har ez zeuden batere gustura EBZren debekuarekin: haiek dibidendurik ezin banatu zeudela, beste sektoreetako konpainiek partitu zitzaketen, eta azken horiek teorian erakargarriago bihurtu ziren inbertsiogileentzat. Gainera, AEBetako bankuek ez zuten dibidenduak pagatzeko mugarik.

Bankuen presioa areagotuz joan zen Frankfurtera begira. Besteak beste, Erresuma Batuko banku zentralak jada kendua zuelako banku britainiarren gaineko debekua ere.

Zer erabaki da orain?

Abenduan, presioei men egin eta EBZk erabaki zuen soka pixka bat lasaitzea, arnas pixka bat ematea. Debekua altxa zuen baina soilik banku sendo eta prestatuei, «kapital ibilbide sendoko banku errentagarriei», eta modu mugatuan. Horrela, banku bakoitzak bere planak aurkeztu behar izan zituen Frankfurten, eta bana-banako azterketa baten ondoren, orain EBZk entitate batzuei 2019ko eta 2020ko mozkinen gehienez %15 banatzeko baimena eman die. Horien artean daude, Kutxabankez gain, BBVA, Caixabank eta Santander eta Europako beste hainbat banku handi.

Salbuespen horiek kenduta, 2021eko irailera arte behintzat, indarrean egongo da dibidenduak banatzeko eta akzioak berrerosteko debekua. Beraz, baimenik lortu ez duten bankuek eta baimenik eskatu ez dutenek galarazia dute dibidendua banatzea.

Zenbat da %15?

Kontuan izan behar da entitateek normalean irabazien %40-50 banatzen dituztela akziodunen artean; %15 gutxi da. Are gutxiago koronabirusaren eraginez eta batez ere hornidura handiagoek uzkurtutako 2020ko emaitzen %15a bada.

2019. urteko ekitaldiko emaitzen kargura, Kutxabankek 133,5 milioi euro banatu zituen (konturako) dibidendutan 2019aren bukaeran bertan. Banatzeko beste 42,5 milioi gelditzen zitzaizkiola iritsi zen EBZren erabakia, eta ordainketa etenda geratu zen. Kopuru hori akziodunen artean banatzeko, orain, printzipioz, aurtengo urrira arte itxaron beharko du Kutxabankek, orduan amaituko delako, teorian, EBZren debekua.

Teorian, orduan banatu ahalko du, gaurko 27 milioiez gain, 2020ko emaitzetatik banatzea erabakitzen duen gainerako kopurua ere.

Zergatik da garrantzitsua dibidendua?

Kutxabanken akziodunak hiru banku fundazioak dira: BBK, Kutxa eta Vital Kutxa. Haien gizarte ekintzarako diru iturri nagusia, hain zuzen, Kutxabanken dibidenduak izanda, argi dago sarrera txikiagoek eragina izango dutela hiru fundazioen ekintzetan.

Baina dibidenduak garrantzi handiagoa du BBKrentzat. Bizkaiko banku fundazio hori Kutxabanken %57ren jabea da, eta behartuta dago 2024. urterako 235 milioi euroko erreserba funts bat osatzera. Espainiako Bankuak ezarritakoa da baldintza, Kutxabank burtsara ez ateratzearen truke. Erreserba funtsa, erabiltzekotan, Kutxabanken kapitala sendotzeko erabili behar du. Eta horrek ondorioa orain arte izanda, BBK-k urtero 25 milioi euro jarri dituela erreserba funtsean.

Dena den, badirudi aurten ere erreserba funtsa elikatzeko moduan izango dela BBK, beste diru iturri eta gordekinetatik aterarako diruarekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.