Alaves 1-0 Valladolid

Balio handiko garaipena lortu du Alavesek

Alavesek irabazi egin dio aurkari zuzen bati etxean: Valladolidi. Joseluk sartu du partidako gol bakarra 65. minutuan. 22 punturekin, eta jardunaldiko beste emaitzen zain, arnas apur bat hartuko du Abelardoren taldeak.

ainara arratibel gascon
2021eko otsailaren 5a
23:22
Entzun

Garaipen guztiak dira garrantzitsuak. Baina badira batzuk balio handia dutenak. Azken horietako bat lortu du Alavesek, Valladoliden kontra: 1-0. Mugarri izan daitekeen garaipena izan daiteke arrazoi askorengatik. Batetik, Alavesek sei jardunaldi zeramatzalako irabazi gabe; bestetik, jaitsierarako lehian aurkari zuzen baten kontra lortu duelako, eta golen aldea ere arabarren esku egongo delako; eta, bukatzeko, asteburuko emaitzen zain, 22 punturekin jaitsiera postuetatik atera delako.

Espero bezala, partida parekatua hasi da. Ez du ikusgarritasunik izan, eta nahiz eta Alaves saiatzen zen erasoko jokaldiak lotzen, Valladolidek etengabe geratu du jokoa, faltak eginez. Horrek ez dio ahalbidetu Abelardoren taldeari jokoan jarraipena izatea. Atezainek ez dute lanik izan lehen 45 minutu horietan. Oscar Planoren esku bat VARean begiratu du Soto Grado epaileak. Baina ez du ezer adierazi.

Bigarren zatian gauzak aldatu egin dira. Alaves oso nagusi izan da, jokoaren ekimena izan du, eta arriskua sortzen hasi da Masipen ate aurrean. Ekinak saria izan du 65. minutuan. Zelaian denbora gutxi zeraman Martin Agirregabiriak. Baloia jaso, eta erdiraketa ona egin du. Atzetik etorrita Joseluk gola egin du beste behin. Baloia primeran gurutzatu du aurrelariak. Merezitako gola, arabarrak askoz hobeak izaten ari baitziren. Hurrengo minutuetan jokoa apur bat nahastu egin da. Baina berriro ere Alavesek hartu du jokoaren ekimena, eta ziurrenik orduan jokatu ditu neurketako minuturik onenak, hainbat gol aukera sortu baititu. Baina Lucas Perezen pare bat erremateri erantzun oso ona eman die Masipek. Alaveseko aurrelaria min hartuta egon da, eta gaur itzuli da. Arabarrek igarri dute, hark gidatu baitu erasoko jokoa. Aipagarria da baita ere, IƱigo Cordobak debuta egin duela Alavesekin.

Garaipen garrantzitsua Alavesentzat, hurrengo bi partidak goiko postuetan dauden bi talderen kontra izango baititu: Bartzelonaren eta Realaren kontra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.