Reala 4-1 Cadiz

Realak Anoetan irabazi du hiru hilabeteren ondoren

Txuri-urdinek atsedenaldirako bideratua zuten neurketa, eta nagusitasunez gailendu zaizkie Cadizi. Oiartzabalek eta Isakek bina gol sartu dituzte.

Oiartzabal eta Illarra gol bat ospatzen, atzo, Anoetan. GORKA RUBIO / FOKU
2021eko otsailaren 8a
08:32
Entzun

Cadiz baino gehiago izan Reala atzo Anoetan. Hala ikusi zen zelaian, baita markagailuan ere. Denboraldi osoan ate aurrean gutxi asmatzea egotzi diote hainbatek Imanol Alguacilen taldeari, baina atzo bestelakoa izan zen kontua, eta, bigarren zatia hasi eta gutxira, txuri-urdinek jada hiru golen errenta zuten.

Realak epaileen erabakiak ere alde izan zituen. Partidako 25. minutuan Negredok besoarekin ukitu zuen baloia area barruan, epaileak bideoan begiratu zuen zer gertatu zen, eta penaltia adierazi zuen. Mikel Oiartzabalek ez zuen hutsik egin. Minutu gutxi geroago, ordea, aurkakoa jazo zen beste arean: baloiak besoan jo zuen Zubeldia, epaileak penaltia adierazi zuen, baina, bideoa ikusi ostean, iritzia aldatu, eta penaltirik gabe utzi zuen Cadiz.

Realak lanean jarraitu zuen, eta berehala iritsi zitzaion saria: 33. minutuan, Oiartzabalek Merinoren pase bat jaso zuen, bikain babestu zuen baloia, eta eibartarrak sareetara bidali zuen. Atsedenaldiaren aurretik, gainera, epaileak txartel gorria erakutsi zion Marcos Mauro Cadizeko jokalariari, eta, ordurako, donostiarrek neurketa ondo bideratua utzi zuten.

Alexander Isak izan zen bigarren zatiko protagonista. Suediarraren jardunak zalantzak sortu ditu aurten, baina badirudi konfiantza berreskuratu duela, eta golak sartzen hasia da. 53. minutuan, Januzajen pase bat jaso, eta maisuki amaitu zuen jokaldia area barruan. Hiru eta huts. Bost minutu geroago, beste bat: Oiartzabalek buruz errematatu zuen erdiraketa bat, Ledesmak geldiketa bikaina egin zuen, baina Isak egon behar zuen lekuan zegoen, eta baloiari bultza egin behar izan zion soilik.

Cadizek markagailua txukundu zuen 64. minutuan Jairok eskuratutako golari esker, baina txuri-urdinek ez zuten estualdirik pasatu. 

Reala: Remiro; Gorosabel, Aritz, Zubeldia (Sagnan, 82. min), Monreal; Gebara, Merino, Illarramendi (Silva, 62. min); Januzaj (Merquelanz, 62. min), Oiartzabal (Barrenetxea, 82. min) eta Isak (Fernandez, 73. min).

Cadiz: Ledesma; Iza (Alcala, 45. min), Mauro, Cala (Espino, 59. min), Jairo; Jonsson (Garrido, 16. min), Fali, Salvi, Perea; Lozano (Sobrino, 45. min) eta Negredo (Saponjic, 59. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.