Altuna III.a-Mariezkurrena II.a 22-21 Peña II.a-Albisu

Ozta-ozta, garaipen bat gehiago Altuna-Mariezkurrenarentzat

21 eta 15 aurretik joan diren arren, azkenera arte sufritu behar izan dute Pena eta Albisu mendean hartzeko. Binakako Txapelketako liderrak dira, Elezkano-Zabaletarekin berdinduta.

Jokin Altuna, atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan. JAIZKI FONTANEDA  FOKU
2021eko otsailaren 8a
10:33
Entzun

Bosgarren garaipena Altuna eta Mariezkurrenarentzat. Aurtengo Binakako Txapelketan onentsuen jokatzen ari diren bi bikote izan ziren aurrez aurre, atzo, Eibarko Astelena pilotalekuan, baina neurketak ez zuen halakorik erakutsi; bi bikoteek huts asko egin zituzten, bai eta pilotakada asko galdu ere. Aurrelariek ez zuten jokoan nahi beste parte hartu. 

Lehia horretan, ordea, Jokin Altuna eta Jon Mariezkurrena nagusitu ziren partida ia osoan, 21 eta 15eraino. Altuna III.ak hasieran erakutsi zuen bere jokoa, eta gorriak 8-2 aurreratu ziren. Hortik aurrera, ordea, atzelariak izan ziren protagonistak, eta atzeko koadroetan jokatu zen norgehiagoka.

Hala iritsi zen partida ia bukaeraraino. Altunaren jokaldi on batzuei esker, 17-15etik 21-15era igaro ziren, baina orduan hasi ziren komeriak gorrientzat. Urdinek berdinketa eskuratu zuten, eta zentimetro gutxigatik ez zuten garaipena ere lortu: Peñak txokoan utzi zuen pilota bat, baina txapan jo zuen, eta Altunak eta Mariezkurrenak arnasa lasai hartzeko beta izan zuten.

Nola edo hala, garaipen garrantzitsua eskuratu zuten; Peña II.a eta Albisu zuzeneko aurkariak dira, eta, atzo irabaztea lortuz gero, bi bikoteak berdinduta geratuko ziren sailkapenean. Ez zen hala izan, ordea, eta Altunak eta Mariezkurrenak osatutako bikotea da Binakako Txapelketako liderra, Elezkano eta Zabaletarekin berdinduta: bosna garaipen ditu bikote bakoitzak. Peña eta Albisu laugarrenak dira, Ezkurdia-Galarzarekin berdinduta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.