Sei pertsona hil dira koronabirusaren ondorioz Bilboko Santutxu auzoko eraikin batean

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak baieztatu du oraingoz sei direla eraikinean hildakoak. Gainera, beste 33 bizilaguni detektatu diete birusa. Bizilagunak kexu agertu dira Osakidetzak egindako kudeaketarekin, baina Osasun Sailak erantzun du «azkartasunez» jokatu dutela.

Bilboko Santutxo auzoko kale bat, artxiboko irudi batean. ARITZ LOIOLA, FOKU
Uxue Rey Gorraiz.
2021eko otsailaren 8a
11:12
Entzun

Urtarrilaren 21ean izan zen lehenbiziko heriotza: birusarekin eri zen 85 urteko emakumezko bat zendu zen egun hartan. Ordutik, eraikin berean gertatutako beste lau heriotzaren berri eman du Osakidetzak azken asteetan, eta gaur jakinarazi du seigarren kasua Osasun Sailak. Gainera, birusaren agerraldia atzeman ondotik, Osakidetzak baheketa bat egin zuen bizilagunen artean beste kasu positiborik ba ote zegoen jakiteko: test horietan, hildakoez gainera, 33 pertsonari atzeman diete COVID-19a. Guztira 65 familia inguru bizi dira eraikinean.

Birusaren agerraldiaren zergatiak zein diren jakiteko lanean ari da Osasun Saila, eta zenbait hipotesi ari dira aztertzen. Besteak beste, birusa azkar transmititzea ekarri duen superkutsatzailerik dagoen jakiteko ikerketa abiatu dute. Bestalde, esplikatu dute eraikineko eremu komunek duten aireztapen eskasa ere izan daitekeela agerraldiaren arrazoietako bat.

«Ezin da beti garaiz iritsi»
Azken asteotako gertakariak ikusirik, larri daude eraikineko bizilagunak. Egoerak «oso kezkatuak» dituela onartu dute auzokide batzuek, eta, era berean, salatu dute administrazioak ez duela eman egoerari buruzko argibide nahikorik.
Kontrara,Sagarduik esan du Osakidetzak «azkar» jokatu duela, eta argudiatu du birusaren agerraldiaren berri izan bezain laster ekin  ziotela baheketa prozesuari. Gainera, erantsi du Osakidetzaren aztarnari sareari esker lortu zela agerraldia detektatzea, eta azaldu du horrek agerian uzten duela aztertze lanak eraginkorrak direla. Hala eta guztiz ere, sailburuak aitortu du «ezin dela beti garaiz iritsi».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.