Haiti

«Estatu-kolpe saio bat» desegin duela esan du Haitiko presidenteak

23 pertsona inguru atxilotu dituzte, kolpea prestatzea egotzita. Oposizioak prest zuen prozedura Moiseren ordezkoa aukeratzeko, argudiatuta estatuburuaren agintaldia amaitua dela.

Polizia pertsona bat atxilotzen, atzo, Port-au-Prince hiriburuan. JEAN MARC HERVE ABELARD, EFE
2021eko otsailaren 8a
12:59
Entzun

Igande goizean, tiro hotsak ziren nagusi Port-au-Princen, presidentearen jauregi inguruetan. Eguerdian, Jovenel Moise presidenteak berak eman zuen gertatutakoaren berri, aireportutik eta sare sozialen bidez egindako agerraldi batean. Han jakinarazi zuenez, segurtasun indarrek «estatu-kolpe saio bat» desegin zuten, eta, gutxienez, 23 pertsona atxilotu zituzten.

Joseph Jouthe lehen ministroak eman zituen azalpen gehiago arratsaldean egindako prentsaurrekoan. Haren esanetan, atxilotuen artean daude Auzitegi Goreneko epaile bat eta Poliziako goi kargudun bat. «Pertsona horiek presidentearen jauregiko segurtasun arduradunekin jarri ziren harremanetan, horiek presidentea atxilotu eta beste gune batera eraman zezaten; horrez gain, behin-behineko buruzagi baten kargu hartzea bermatu behar zuten, zeinak bozak egin bitartean aginduko zukeen herrialdean». Joutheren esanetan, atxilotuen bizilekuetan audio grabazioak, dokumentuak eta ustezko presidente berriaren hitzaldiaren idatzia topatu dituzte.

Haitiko oposizioko alderdiek iragarri zuten behin-behineko gobernu berri bat izendatzeko asmoa. Haren buru Auzitegi Goreneko epaile bat jarri asmo zuten, eta lehen ministro karguan, berriz, oposizioko kide bat. Haiek argudiatzen dute Moiseren agintaldia igandean amaitu zela. Estatuburuak dio, baina, beste urtebete geratzen zaiola, argudiatuta legealdia ez zela hasi aurreko presidenteak kargua utzi zuenean —2016ko otsailaren 6an—, hauteskundeak egin eta berak karguaren zina egin zuenean baizik —2017ko otsailaren 7an—.

Oposizioko alderdien koalizioko buru Andre Michelek gaitzetsi egin ditu atxiloketak, eta berretsi Moiseren legealdia larunbat gauerdian amaitu zela: «Auzitegi Gorenaren Justizia Batzordeak du azken hitz gatazka politikoetan, eta hark esana du Moiseren agintaldia amaitua dela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.